«Gizarteak ez ditu adin txikiko etorkinak adin txikiko bezala tratatzen, etorkin bezala baizik»

Kronika - Erredakzioa 2008ko urr. 7a, 02:00

Adin txikiko etorkinak. Adin txikikoak edo etorkinak?
Hainbesteko pìsua du jatorriak?
Bistan da gizarteak ez dituela ikusten adin txikiko bezala, etorkin bezala baizik. Bitxia da kasu honetan legea aurrerakoiagoa izatea: Adin Txikikoen Legeak ez du bereizketarik egiten jatorri edo azal kolore ezberdina dutenen artean; kontuan hartzen du adin txikikoak direla, eta ez dutela beraietaz arduratuko den heldurik inguruan.

Berdin tratatzen al dira adin txikiko etorkinak eta ´besteak´?
Itxuraz eta legez bai. Orain, errealitatean adin txikiko etorkinei aurreiritziz beteta begiratzen zaie. Esate baterako, gizartearen kontra adin txikikoek egindako eraso gehienak hemengoek eginak izan arren, ez dira berdin tratatzen komunikabideetan; eta ondorioz, itxuraz, adin txikiko atzerritarrak dira gatazka iturri, are gehiago instituzioek zainduak badira.

Zergatik tratatzen dira ezberdin? Beldurrarengatik akaso...
Arrazoiak konplexuak dira; beldurra da arrazoietako bat. Hala ere, kasu honetan ez du hainbesteko garrantzirik; bada beste faktore garrantzitsuagorik: ez onartzea zenbait ardura, alegia, ume hauek gizarteak babestu, zaindu eta aurrera atera behar dituela, eta ez erakundeek bakarrik. Eta ez gaudenez ardura hartzeko prest, di-da konpontzen dugu gaia, esanez, gauzak ez dijoazela ondo «etorkinak direlako», eta «irtenbide» erreza aukeratzen dugu: beraien herrialdeetara bidali ditzatela.

Zein da erakundeen lana?
Helburu nagusia da adin txikikoak berdin tratatzea, hemengoak izan edo ez. Adin txikikoekin lan egiten duten taldeek kontuan izan behar dute gaur egun gure gizartean gero eta ume gehiago daudela beste herrialdeetatik etorriak eta antolatzen dituzten ekintzetan ume horiek lekua izan behar dutela, beste bat gehiago direla. Honek ondorio asko ditu eta bakoitzak atera behar ditu kontuak.

Zein da gizartearen lana?
Premia nagusia da erakundeek lan egokia egitea arlo honetan. Ez badira behar bezala asetzen ume hauen behar materialak, heziketakoak eta aisialdikoak, paperak egiteko garaian ez bazaie argitzen legalak diren ala ez, ez badira zehatz-mehatz zaintzen beraietako batzuen adikzio arazoak... Lehenengo kaltetuak umeak dira, baina baita gizartea ere, gizartearen kontrako jarrerak ugarituko baitira.

Azken aldian gazte etorkinen inguruko itxura ezkorra zabaltzen ari da gizartean. Zergatik?
Aurreiritziz josita begiratzediegulako eta gertaera batzuk dramatizatu egiten ditugulako, eta jatorri bereko gazte taldearen inguruan orokortu egiten dugulako. Komunikabideetan ematen zaien trataerak ere aurreiritzi horiek indartu egiten ditu askotan.

Zein arrisku dute estereotipoek?
Aurreiritzi guztiek bezala, lehenengo ondorioa da zerikusirik ez duten guztiengana zabaltzen dela begiratu txarra, eta gaitzerdi leporatzen ez zaienean! Eta ondorioz, horrela begiratuz gero, instituzioen hezkuntza eta formazio lana zaildu egiten da.

Gizartea itxuraz ez da arrazista; itxuraz bakarrik?
Ispiluan pertsona solidarioa eta batere arrazista ez dena ikustea gustatzen zaigu. Baina errealitateak erakusten du askotan irudi hori ez dela erreala. Zerbait zirikatuz gero, berehala konturatzen zara, jarrera egoista eta xenofoboek indar haundia dutela gizartean. Etxean, kalean, tabernetako elkarrizketan... benetako astakeriak entzuten dira eta inork ez du ezer esaten; oraindik lan haundia dagoela egiteko erakusten dute.

Zein da bidea?
Onartzea gizartean bizi diren pertsona guztiak eskubide eta betebehar berak dituztela; ez onartzea lehenengo eta bigarren mailako pertsonarik dagoenik. Administrazioak zerbitzuak egoki eman behar ditu, eta ez bada horrela, errua ez zaie egotzi behar kanpotik etorri direnei, biktimak besterik ez baitira. Eta adin txikikoak direna bezala tratatu. Faltsukeria da gure balioekin bat egiten duten legeak izatea eta gero beste era batera portatzea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!