Amher-SOS Arrazakeria elkarte multikulturalak aste kulturala antolatu du datorren astean Hernanin. Adin txikiko etorkinei buruz eta ikastetxeetako kultur aniztasunari buruz hitz egingo dute hitzaldietan. Umeentzako jaialdia ere antolatu dute.
‘Adin txikiko etorkinak’ hizpide asteartean
Asteartean Adin txikiko etorkinak izeneko hitzaldia emango du Peio Aierbe SOS-Arrazakeriako kideak. Besteak beste, gizarteak ume hauek nola ikusten dituen, berdin tratatzen dituen eta beren eskubideak izango ditu hizpide. Horrez gain, azken urteetan ume eta gazte etorkinen inguruan sortzen ari den irudi ezkorraz ere hitz egingo du. Hitzaldia, Biteri kultur etxean izango da, arratsaldeko 19:30etan.
‘Kultur aniztasuna eskoletan’ ostegunean
Ostegunean Kultur aniztasuna eskoletan izeneko hitzaldia izango da. Hitzaldia Maria Victoria Mendoza mexikarrak emango du. Hizlaria aditua da inmigrazioa, kultur aniztasuna, biolentzia eta beste hainbat gaietan. Bertako eta kanpokoen kultur ezberdintasunetik abiatuta, hemengo hezkuntz sistemara nola hurbildu aztertuko du; integrazioaren eta asimilazioaren arteko desberdintasuna azpimarratuko du eta bizikidetza kulturalaren alde egin; eskola komunitatearen garrantziaz hitz egingo du eta gaur egun dauden esperientziak mahaigaineratuko ditu hausnarketarako. Hitzaldia Biteri kultur etxean izango da, arratsaldeko 19:00etan. Hitzaldia irekia da eta elkarteak dei egin die bereziki ume etorkinen guraso, irakasle eta inguruko jendeari hitzaldira joan eta beren ekarpenak egin ditzaten.
Umeentzako jaialdia ostiralean
Ostiralean, hilak 10, umeentzako jaialdia izango da Atsegindegi plazan. Txontxongilo emanaldia, musika, piñata edo lapiko jokoa eta txokolate jatea izango dira, 17.00etatik aurrera, Atsegindegin.
Egitaraua
Urriak 7, asteartea,
Adin txikiko etorkinak.
Hizlaria SOS Arrazakeriako Peio Aierbe. 19:30etan,
Biteri kultur etxean.
Urriak 9, osteguna,
Kultur aniztasuna
eskoletan.
Hizlaria Maria Victoria Mendoza. 19:00etan,
Biteri kultur etxean.
Urriak 10, ostirala,
Umeentzako jaialdia:
txontxongiloak, musika, piñatak, eta txokolate jatea. 17:00etan,Atsegindegin.