Boleiboleko hiru taldeak denboraldi berriaren aurrean prest

Kronika - Erredakzioa 2008ko urr. 4a, 02:00

HERNANIKO  boleiboleko hiru taldeak berotzen ari dira dagoeneko hastear dagoen denboraldiari ekiteko. Aurten boleiboleko hiru talde senior ditu Hernanik; Euskadiko B Ligan jokatuko duen nesken taldea; Gipuzkoako Ligan jokatuko duen nesken bigarren taldea eta mutilen senior taldea Euskadiko lehenengo mailan.

Gehienak arituak
Joan den urtean nesken hiru talde aritu ziren boleibolean Hernanin, talde bat Inmaculada ikastetxean sortua, bestea Langile ikastetxean eta hirugarrena koadrila bat; aurten hiru horiekin bi talde osatu dituzte. Jokalari gehienak beraz, arituak dira, asko infantiletan hasiak ikastetxeetan eta gutxienak ere 3 urte daramazki jokatzen. Alai Zubimendi izango dute entrenatzaile bi taldeek.

Euskadiko B Ligan
Talde bat seniorrena da, tartean jubenilak ere badira, eta Euskadiko B Ligan jokatuko dute. HKE izenarekin ariko dira. Talde honek bihar bertan jokatuko du lehenengo partidua, etxean gainera, kiroldegian, goizeko 11:00etan. Denboraldiko helburua dute ligari neurria hartzea eta entrenatzailearen esanetan, beraientzat «erditik gora geratzea exitoa da».

Gipuzkoako Ligan
Nesken bigarren taldeak Gipuzkoako Ligan jokatuko du, senior kategorian, hemen ere jubenilak badiren arren. Hauek ere HKE izenarekin jokatuko dute eta oraindik ez dute zehaztu noiz jokatuko duten lehenengo partidua. Hala ere, gogotsu daude eta helburua «irabaztea dute, besteak beste liga honetan talde gutxiago daudelako» eta aukera ikusten dutelako. Joan den urtean, esate baterako, 7 taldek parte hartu zuten ligan eta 3 hernaniarrak ziren.

EHU Hernani Euskadiko Ligan
EHU Hernani senior taldeak Euskadiko Ligan jokatuko du aurten. Lauri Matias izango dute entrenatzaile. Hauek urriaren 19an jokatuko dute lehenengo partidua. Helburua berriz, entrena-tzailearen esanetan, «liga irabaztea» dute eta «igoera fasera iristea». Helburu apalagoen artean berriz, partiduetan jokalari guztiek parte hartzea dute. Taldea berriz oso kolore-tsua da, izan ere, jokalari hernaniarrez gain, urrutitik etorrritako jokalari asko ditu, besteak beste, jatorri serbiarrekoa, eslobakiarra, marrokiarra eta kolonbiarra. Denek ere gogor egingo dute lan Hernanniko taldearen alde.

Joan den urtean igoera fasean
Joan den urtean oso fin ibili zen EHU Hernani taldea eta Espainiako 1. mailarako igoera fasea ere jokatu zuen Vigon. Hirugarren postua egin zuen eta Federazioak gonbidatuta, mailaz igotzeko aukera izan zuen taldeak. Azkenean, arrazoi asko medio, Hernaniko taldeak bere horretan geratzea erabaki zuen; batetik, diru eta denbora asko beharko zutelako, besteak beste, 7-8 buelta egin beharko zituztelako Galiziara. Horrez gain, beste arrazoi garrantzitsua ere badute: beraien ustez, Euskadiko Liga baita beren neurriko txapelketa, «oraingo maila oso egokia da, eroso ibiltzen garelako, lan eginez baina irabaziz; bestea askoz ere gogorragoa izango litzateke, eta lan haundia egin beharko genuke».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!