HERNANIKo errugbi elkarteko Ohorezko B mailako taldeak bihar hasiko du liga, Universidad de Vigo taldearen kontra. Hernaniarrak prest daude galiziarrak etxean hartzeko eta irabaztea ere ez dute deskartatzen, iaz talde beraren kontra irabazi egin baitzuten, bai etxean eta bai kanpoan. Hala ere adi ibili beharko dute, eta zelaira dena ematera atera beharko dute, gehiegi fidatu gabe. Partidua bihar eguerdiko 12:00etan izango da Landaren. Errugbizaleak deitu dituzte bihar Landare girotzeko.
Kamiseta berria,
betiko filosofia
Denboraldi berriko nobedadeetako bat da taldeak kamiseta berria duela. Hernaniko koloreak mantendu dituzte, baina diseinu modernoagoa dute.
Taldeari dagokionean, errugbi elkarteak bere filosofia mantendu du, hau da, taldea etxeko jokalariekin osatzea. Iazko taldeko jokalari bloke nagusia mantendu egin da batetik, eta aurreko denboraldietan igo diren gazteak esperientzia hartuz doaz.
Hala ere, taldeko arduradunek azaldu dutenez, aurredenboraldi gogorra izan dute hernaniarrek eta horren ondorioz 4 jokalari lesionatu dira dagoeneko. Abuztuaren 25ean hasi zituzten entrenamenduak eta lagunarteko partidu asko jokatu dituzte.