GAZTE Txokoa martxan da irailaz geroztik eta dagoeneko ikasturtearen martxa hartuta dute. Ikasturte osoan irekita izaten da Gazte Txokoa, asteartetik igandera. Irailean tailerrak eta lehiaketak egin dituzte, besteak beste.
Urriko egitaraua
Urrirako antolatutako ekintzen artean, hainbat irteera eta eskulan aurreikusi dituzte, esate baterako, xaboiak, sukaldaritza, txapak, gomaespumazko figurak eta puzzleak egiteko tailerrak.
Datorren astean ez dute atsedenik izango. Gazte zinema izango dute asteartean; gomaespumazko figurak egiteko tailerra asteazken eta ostegunean; sexdrog informazio puntua ostiralean; Lekunberri Behigorri abentura parkera irteera larunbatean, eta hain estimatua duten txapa tailerra igandean.
Era guztietako ekintzak
Gazte Txokoan era guztietako ekintzak egiten dituzte, esate baterako, irteerak Txuri Urdinera eta datorren astekoa Lekunberriko parkera. Horiez gain, lehiaketa mordoxka ere egiten dute ikasturtean zehar, adibidez, askotan egiten duten Allá Tú lehiaketa.
Errealitatearen gaineko hausnarketa ere egiten dute, drogak, sexualitatea eta pobrezia bezalako gaiak landuz.