Iñaki Arratibelek, Eusko Alkartasunako bozeramaileak, prentsa ohar baten bidez bukatu berri den ur parkeko denboraldiari buruzko hausnarketa egin du. Bozeramailearen iritzian, ur parkea arrakastatsua izaten ari da: «nahiz eta Gobernu Taldeak kontrako kanpaina egin, beste urte batez frogatu da ur parkearen arrakasta».
EAko bozeramaileak hainbat datu aipatu ditu, udal zerbitzu teknikoetatik eskuratutakoak. Dioenez, 2007 urtean 48.198 sarrera izan ziren ur parkean eta aurten kopuru hori haunditu egin da, izan ere, 55.364 sarrera izan dira. Datu horiek ikusita, ur parkea egiteko inbertsioarekin asmatu egin zela irizten dio Iñaki Arratibelek. «Orain Gobernu Taldeak izandako arrakasta errekonozitzea besterik ez da falta, eta baita lanean jartzea ere, 2009ko denboraldirako instalazioak hobetzeko» gehitu du.
Ur parkeko kafetegia ere aipatu du Iñaki Arratibelek: «kafetegiari ere behin betiko erremedioa jarri behar zaio, diru sarrera garrantzitsua izan dadin. Ez du ezertarako balio ur parkea irekitzeko bezperan ur parkean dauden gabeziak azaltzea, helburua ez bada instalazioei fama txarra jartzea».
Erantzunaren zain
Arratibelek dio Gobernu Taldearen erantzunaren zain dagoela, «ekaineko udal aldizkarian Gobernu Taldeak ur parkeari buruz esandakoak argitu zain». Dioenez, «Marian Beitialarrangoitia buru duen Gobernu Taldeak ez du ur parkearen gabeziak konpontzeko inolako interesik, horrek agerian utziko bailuke beren gestio txarra».
Bukatzeko dio, Gobernu Taldeak sortu daitezkeen arazoak konpondu baino nahiago duela ur parkeari fama txarra jarri, «baina gertatutakoa ezin da ukatu, izan ere bistakoa da ur parkeak arrakasta izan duela».