Manuel Altolagirreren 100dik gora akuarela ikusgai Biterin

Kronika - Erredakzioa 2008ko urr. 3a, 02:00

MANUEL Altolagirre zenaren lanak ikusteko aukera izango da Biterin urriaren 15a bitarte. Guztira 100dik gora margo ikus daitezke, denak akuarelarekin pintatutakoak, eta gehienetan paisajeak irudikatzen dira. Erakusketa arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara ikus daiteke, Biteriko erakusketa aretoan.

Bizi osoa margotzen
Manuel Altolagirre 1920an jaio zen Hernanin. Gazte-gaztetatik hasi zen margotzen eta oleoa eta lumarekin egindako marrazkiekin nabarmendu zen. San Joanetako eta herriko beste zenbait ospakizunetarako esku programetako irudiak ere egin zituen garai hartan. Ogibidez marrazkilari teknikoa zen, eta Gipuzkoako enpresa ezagun batean egiten zuen lan, publizitate arduradun. Lana utzi, erretiratu eta zenbait akademiatan ibili zen, bere kabuz ikasitakoa hobetzen eta fintzen. Akuarela aukeratu zuen, batez ere, bere lanak egiteko. Zenbait egunkaritako lehiaketetara aurkeztu zen eta hainbat sari ere eskuratu zituen. 60 urte zituela, furgoneta eta pinturak hartu eta herriz herri ibiltzeari ekin zion, Penintsulan barrena, ikusitakoa margotzen eta egindako lana erakusten. Jatetxe, monastegi eta hotel askotan ikusi ziren bere lanak. 2000garren urteko ekainean hil zen Altolagirre. Obra haundia utzi zuen eta bere familiak erakustea erabaki zuen. Orain jarritakoa Altolagirreren obren bigarren erakusketa da; aurrenekoa 2002 urtean jarri zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!