Hernaniko xake txapelketa urria eta azaroan

Kronika - Erredakzioa 2008ko urriaren 2a

Xake txapelketa hasiko da laister Hernanin. Urriaren 12tik azaroaren 23ra jokatuko da. Partidak igande arratsaldeetan izango dira, 16:00etan, Zumitza tabernan.

Sistema suitzarra
Txapelketan joko sistema suitzarra erabiliko da (maila berekoek, puntu berberak dituztenek, elkarren artean jokatuko dute). Guztira zazpi jardunaldi jokatuko dira, zazpi partida, urriaren 12, 19 eta 26an eta azaroaren 2, 9, 16 eta 23an. Jokalari bakoitzak ordubete izango du partida jokatzeko. Bi jokalari ados jarriz gero, astean zehar jokatzeko aukera izango dute eta iganderako antolatzaileei emaitza jakinarazi beharko diete. Bi atseden hartzeko aukera izango dute jokalariek: aurreko astean eskatu eta puntu erdia jasoko da jokatu gabe. Azken jardunaldietan ez da atseden hartzerik izango. Sariak izango dira irabazleentzat eta adinaren araberako onenentzat ere bai.

Izen ematea
Urriaren 10a baino lehen eman behar da izena, Zumitzan bertan. 3 euro jarri behar dira eta izena eta telefono zenbakia edo helbide elektronikoa eman behar dira. 18 urtetik beherakoentzat eta 65etik gorakoentzat debalde izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!