Artixten II Topaketa izango da larunbatean Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2008ko urriaren 1a

Herrian eta inguruko herrietan artearen esparru desberdinetan ari diren pertsonak egun eta espazio berean elkartzea da helburua. Egun osoko jaia izango da.

ARTIXTA mordoska elkartuko dira larunbatean Hernanin egingo den Artixten II Topaketan. Egun osoko jaia izango da Urbieta kalean eta bertan herriko eta inguruko esparru askotako artixtak elkartuko dira, ondoen egiten dutena eta gustukoen dutena erakusten.

Urbieta kalean, egun osoan

Eguerdiko 12:00etan hasiko da topaketa eta iluntzera arte luzatuko dira emanaldiak. Hiru gune izango dira Urbieta kalean barrena; bata, Karobietako kiosko parean; bertan musika izango da batik bat. Kale bukaeran izango da bigarren gunea; hemen ere musika izango da protagonista; hirugarren guneak kale osoa hartuko du, bere luze-zabalean, break dantza, graffitiak eta era askotako margolariak izango baitira.

Beren onenak ematen

www.ixah.net web orrian elkartzen diren hainbat artixten ideia izan zen topaketa, eta Aritz Usandizaga hernaniarra izan zen ideia garatu zuena. Joan den urtean egin zen lehenengo aldiz topaketa Hernanin, eta jende asko hurbildu zen parte hartzera eta ikuskizunaz gozatzera. Ideia, alor desberdinetako pertsonen lanak kaleratzea da, eta bide batez, kalea aisialdi gune bezala berreskuratzea. Gainera, artixtak elkartuta, proiektu berriak sor daitezke antolatzailearen ustez. Artixta hasi berriei ere aukera ematea du helburu topaguneak, eta gainera baldintza duinak eskainiz, alegia, beharrezkoa duten azpiegitura jarriz. Antolatzaileak topaketaren izaera irekia azpimarratu nahi du, edonork parte har baitezake.

Aurten bigarrena

Aurten bigarren urtea da Artixten Topaketa egiten dela. Joan den urtean 50 artixtatik gora elkartu ziren. Aurtengoan parte hartu nahi duenak oraindik aukera du ixa74@hotmail.com helbidera idatzi edo 675 703 276 telefono zenbakira deituta.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!