Atzo kontzentrazioa izan zen Plazan, CCOO sindikatuak deituta, joan den ostegunean Hernanin izandako lan istripua salatzeko. Sindikatuak bereziki etorkin gazteek eraikuntza arloan dituzten lan baldintzak salatu nahi izan zituen atzoko kontzentrazioan. Zauritutakoa 20 urteko J.F. M. portugaleko gaztea da. Ostegunean 5 metroko alturatik erori zen eta ospitalera eraman behar izan zuten.
LAB sindikatua
Bestalde, LAB sindikatuak ere istripua salatu nahi izan du Kronikara bidalitako prentsa ohar baten bidez. Prentsa oharrean prekarietatea eta azpikontratazioa salatu nahi ditu eta aipatzen ditu «berriro gaztea, etorkina, azpikontratatutako enpresa, lan kontratu kaxkarra, oso ezagun egin diren ezaugarriak lan istripua gertatzen denean».
Bestetik, aipatzen du badela garaia «Administrazioak neurriak hartzeko istripuak saihesteko» eta langileak animatzen ditu «prekarietatea salatzeko eta garaitzeko bidean lana egiteko».
Alkatea bisitan
atzo ospitalean
Atzo Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkatea eta Marijo Garcia Udaleko Lan Segurtasuneko teknikaria ostegunean zauritutako langilea bisitatzen izan ziren ospitalean. Zauritua dagoeneko gela arruntean dago eta hanka eta besoa igeltxatuak ditu. Alkatearen esanetan, «piska baterako izango du; errekuperazioak luze joko du»; hala ere, egoera kontuan hartuta, «ondo ikusi dugu» zauritutako langilea.