«Antzerkian ikusten duzu zure burua jende aurrean haunditzen»

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 30a, 02:00

Josune Monton Jabetze Eskolen barruan emango den antzerki tailerraz arduratuko da; hitz egiteko, jolasteko eta norberaren burua ezagutzeko.

‘Kale guztiak Andrekale!’ du izena tailerrak. Hernanirako propio prestatutako lana da?

Proposamena zen kale antzerkia egitea. Izena egokitu egin dut.

‘Emakume sortzaileen lanak oinarri hartu eta antzerkia egin’ dio esku orriak. Zein emakume?

Gu. Kale antzerkia lantzeko ez dugu testu bat landuko; kalean ezin baita testu askorik landu.

Ez du garrantzirik kale antzerkian?

Kale antzerkia bisualagoa da, lan fisiko gehiago egiten da. Talde lana ere asko landu behar da, entzumena ere bai... Gorputza da instrumentua eta afinatu egin behar da; testua gorputza afinatuta dagoenean erantsi behar da.

Kale antzerkian diskurtsoa bat-batekoagoa da, beraz?

Ez du zertan. Kale antzerkian batez ere, taldearekin duzu lotura. Jendea zure maila berean izatea eta espazio berean... Taldeak lasaitasuna ematen dizu.

Helburua da kalean antzerkia egitea. Kurtso bukaeran edo ikasturte osoan zehar?

Helburua da batez ere, antzerkiak ematen dituen tresnekin gauzak lantzea: gure gorputza sentitu, taldea sentitu, jolastu... Eta gero, taldeak erabakitzen badu, kalera aterako gara.

Jabetze Eskolak ezagutzen zenituen?

Bai, lehengo urtean Basaurin izan nintzen hango Jabetze Eskoletan tailerra ematen.

Nola definituko zenituzke?

Euskeraz oso ondo adierazten du bere izenak: jabetzeko eskolak dira. Tresnak jartzen dira bakoitzak behar duena edo nahi duena hartzeko.

Pertsona bere buruaren jabeago egiten da antzerkiaren bidez?

Lehengo urtean Basauriko tailerrean argibide asko eman zizkidaten parte hartzaileek: beraientzako zer izan zen. Batetik, jolaste hutsak beste puntu batean jartzen zaitu, zure burua ezagutzen laguntzen zaitu; taldearen sentsazioa bizi duzu; erronka ere bada, zure burua ikustea espero ez duzun gauzak egiten, zure burua haunditzen jende aurrean; jendearen babesa sentitzea; eta prozesu bat bizitzea, horrek beti nonbaitera eramaten baitzaitu, eta gainera, bidean gauza asko ikasten dituzu; zure gorputza ere hobeto ezagutzen duzu; eta gozatu egiten duzu gauza berriak egiten...

Zer du antzerkiak berezia?

Antzerkiak du dena lantzen dela; gorputza instrumentu bezala hartu eta dena lantzen da: ahotsa, emozioak, dantza... Gainera antzerkiak aukera ematen du daukagunarekin jolasteko, obserbatzaile lana egiteko; errealitatea hartu eta horrekin jolastu.

Munduaren aurrean aldatzeko modua al da?

Izan liteke; tresnak jasotzen dituzu eta tresna horiekin zure bizitza aldatuko duzu, beti ere, nahi duzun heinean.

Antzerki tailerra Jabetze Eskolen barrukoa da; beraz, ez da antzerki tailer arrunta.

Ez. Nik nahi dut emakume talde bat, hitz egiteko, hausnartzeko, erabakiak denen artean hartzeko... Saioak luzeak izango dira. Tailer arruntetan espazio horren falta sumatu dut eta oraingoan hori landu nahi dut, gaiak naturaltasunez landu...

Taldea eta taldearen garrantzia behin eta berriz aipatzen dituzu.

Antzerkia taldea da. Nik laguntzailea izan nahi dut eta kideek beraiek erabakitzea kontuak. Gainera, antzerkiak askotan beldurra ematen digu eta taldeak eraman egiten gaitu, arriskuan jarri gabe, babesa ematen dizu... Talde lanean aukera dago bakoitza bere erritmoan aritzeko; denak arrisku bera pasatzera behartzen badituzu ba... Taldeak aukera ematen du bakoitzak nahi duen lekura iristeko.

Andrekale. Askatasun esparrua edo sasi-askatasun esparru itxia?

Nik uste garai hartan kokatu behar dugula; orduan emakumeen espazioa etxea zen eta kalean espazio bat izatea harro egoteko modukoa da; bazeuden beste espazioak baina kalea ez zen gure espazioa... garrantzitsua da hori kontuan hartzea.

Jabetze Eskolak

Oraindik badago aukera  zenbait Jabetze Eskoletan izen emateko:

  • Historiaren feminismoak han eta hemen. Astearteetan, 19:00etatik 21:00etara. 20 orduko ikastaroa.  
  • Kale guztiak Andrekale!. Astelehenetan, 18:00etatik 21:00etara. 50 orduko ikastaroa.      

*EHUko ikasleek eta HUHEZIko  Ikus-Entzunezko Komunikazio zein Irakasle Ikasketetako ikasleek  aukera askeko kredituak lor ditzakete.           

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!