Herriko ikasleek proposamenak luzatu dizkiote Udalari, herrian erosoago ibiltzeko helburuarekin

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 28a, 02:00

MUGIKORTASUN Astea izan zen joan den astean. Programaren barruan pleno berezia izan zen eta bertan herriko ikastetxe ezberdinetako LHko ikasleek proposamenak luzatu zizkioten Udalari. Proposamenak mugikortasunaren ingurukoak izan dira: herriko garraio publikoari buruzkoak, bidegorriei buruzkoak, espaloi eta semaforoei buruzko proposamenak, esate baterako. Herriko ikastetxeetan azken urteetan Eskola Agenda 21 izeneko egitasmoan parte hartzen ari dira. Ingurugiroa zaintzeko, eta bizimodu osasuntsua eta jasangarriago baten aldeko kontzientzia lantzen ari dira. Azken ikasturteetan zaborraren gaia landu dute eta aurrekoetan mugikortasunarena.

Proposamenak eta erantzunak Ikasleek proposamen ugari egin zituzten eta Alkateak erantzun egin zituen.

•Trafikoaren inguruan ikasleek adierazi zuten Laubidieta eta Urumea ikastolen inguruko trafikoa haundia dela. Alkateak erantzun zuenez, espero du saihesbide berriekin herri barruko trafikoa arintzea.

• Zenbait lekutan espaloietan zuhaitzek traba egiten dutela adierazi zuten ikasleek. Alkateak erantzun zuen ezin direla herriko zuhaitz denak kendu, oxigeno iturria izateaz gain herriari bizia ematen diotelako.

• Herriko zenbait aldapetan lurra irristakorra dela ere aipatu zuten ikasleek. Horren harira Alkateak adierazi zuen, lurrari produktu kimiko bat ematen zaiola hain irristakorra ez izateko. Herri guztiari aldi berean ezin dela tratatu ere aipatu zuen.

• Bestalde, trafikoa murriztearen inguruan Alkateak aipatu zuen, Txantxillako obrak egiten direnean, Sandiusterri kale itxia izango dela eta trafikoa asko murriztuko dela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!