«Partaidetza gehiago izango duen eliza nahi dugu»

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 28a, 02:00

(Elkarrizketa: Gorka Bereziartua)

Zer moduzkoa izan da ardura berrian pasa duzun aurreneko urtea? Karguak beti ematen dik horrelako errespetu bat, presioa nabaritzen duk, baina denboraren joanean moldatzen joaten haiz. Inguruan jende ona dagoela ikusten duk; ez bakarrik eliz-girokoa, herri osokoa baizik; eta horrek erraztu egiten dizkik gauzak. Aldaketa da, ardurak heure gain hartu behar ditualako, baina hori ere aldatzen ari duk. Azken hitza beti ardura gehiago daukagunok izango diagu, baina plangintzak egiterakoan, egoerak bereizterakoan, helburuak finkatzerakoan... horietan guztietan talde moduan lan egiten ikasi nahi diagu. Horrek esan nahi dik eliza egiteko beste modu bat, beharbada: ez hain hierarkikoa. Horretarako lanean ari gara: gure artzapeztegian bi pastoral unitate osatuko dizkiagu, bertako lokalismoa kontuan hartuz. Lan talde batzuekin hasiko gaituk, egoerak ikusi, zein behar dauden, zein erronka... Partaidetza gehiago izango duen estilo bat nahi diagu.

Hierarkia nabarmenagoa al zen lehen?
Bueno, aurretik parroko izan direnek ere jendearengandik oso
gertu lan egin ditek; ez dituk dorretxean gordeta egon diren apaizak: gizarteko apaizak izan dituk.

Euskal Herriko eliza desberdina al da horretan, beste lekuetakoekin konparatuta?
Guk gurea ezagutzen diagu; oporretan-eta ezagutu izan dizkiagu beste herrietako apaizak; gogoratzen nauk Palentziako meatzarien herrietako apaizez eta horiek ere oso hurbileko sentitzen ditiztek hangoek. Hemen tradizioa izan duk apaiza herri giroan txertatua egotea; jaiotzez bezala daukagu hori, eta eskerrak.

Zuek herriarengana hurbiltzen zarete. Kontrakoa gertatzen al da? Hurbiltzen al da jendea elizara?
Bai, larrialdiko egoeretan adibidez. Bolada honetan asko.

Larrialdiko egoerak?
Esate baterako arazoak dituzten bikoteak, giza harremanetan problemak dituzten pertsonak... Bikote bat hausten denean arazo asko sortzen dituk: etxean nork jarraituko duen bizitzen, kanpoan geratzen denari nola lagundu... Laguntza eske etortzen diren asko etorkinak izaten dituk, eta joan-etorrian dabiltzanak ere bai; azken horiek askotan ez zeukatek non etzan.

Lan gogorra horrelako egoeretan laguntzen saiatzea.
Ezintasuna ematen dik askotan. Gure lana gertu egotea, lagundu nahia eta beren larruan jartzea duk, paternalismorik gabe. Bide horretan gabiltzak, ez gauza haundiak eskaintzekotan, potentzia bat edukiko bagenu bezala; apal, modu xumean jarraipen bat egin nahi diagu.

Etorkinak aipatu dituzu lehen. Nola bizi du elizak katolikoak ez diren fededun geroz eta gehiago egotea Hernanin?
Oraindik ez diagu aurrerapausorik eman, baina adibidez harreman ona diagu apaiz ebanjelikoekin. Hemen bertan arazo handirik ez diagu ikusten elkarren artean, ez ebanjelikoekin ezta musulmanekin ere; baina ikusten diagu mundu osoan bezala hemen elkar bideratzeko urratsak eman behar ditugula. Ari gaituk pentsatzen, gizarte laguntza eskaintzearekin batera sinesmen diferenteetako jendeak biltzeko toki batzuk behar ditugula, zentzu ekumeniko batekin, eliz eta erlijio artean, bakoitzak bere sineste eta kontzientziarekin jarraituz. Baina ez diagu nahi plangintza bat egitea, aurretik errealitatea ezagutu gabe.

Bailarako gazteen inguruko ikerketa bat egin zenuten duela bi urte. Zein ondorio atera zenituzten?
Gazteek oso nota bajua eman zioten elizari; eta elizarekin batera ikastetxeei. Ez duk gauza bera, ze ikasteak lana eskatzen dik eta denok nahi izaten diagu horietatik libre geratu. Zergatik elizaren nota baju hori? Elizaren irudiarengatik: kontserbadorea, atzerakoia... Irudi hobea du beharbada Askapenaren Teologiak. Zer iruditzen zaizu mugimendu hori? Saiakera haundi bat izan duk, teorikoaz gain praktikoa ere bai. Batez ere Hego Amerikan eta Ertamerikan ebanjelioaren arabera argi bat ematen saiatu duk mugimendua, hango egoeratik abiatuta. Ez zaiek merke atera hori. Ondo ikusi diat. Hogei egunez egon ninduan El Salvadorren gerra ondoren: gerrillan ibilitakoek eta gerra nozitu zutenek esaten zitean elizak eta gerrillako agintariek bazter batean utzi zituztela. Jon Sobrinok esaten zian beraiei tokatzen zitzaiela herriari bere bidean laguntzea, baita jaunaren aurrean ere. Apal-apal. Beharbada beste itxaropen batzuk bazituan liberazioa lortuko zela, baita maila politikoan ere; martirien haziek fruitua ekarriko zuela esaten huan, baina hori ez duk ikusten. Mantendu duk eliza bizi bat, baina ´gatibualdiaren teologia` bat ere sortu duk ondoren, ez zelako lortu espektatibak betetzea.

Besteak beste Hernani historian zehar liburuaren egilea ere bazara...
... gero liburuan ikusi dizkiat gauza batzuk, zuzenketa batzuk egin beharra... Ez nauk historialaria, handik eta hemendik hartzen duk, presaka, eta nahi duk marko bat daukan lan bat egin...

... Ahalegindu ez izana ez dizute leporatuko behintzat.
Ez du erraza izan behar Hernaniren historia biltzeko liburu bat egitea eta 50 orri ingurutan konprimitzea, ezta? Caro Barojak Euskal Herriaren historiari buruz zuen ikuspegia gustatu izan zaidak beti, etapaz etapa historia banatzea. Nire liburu hura saioa izan huan, ikusteko, hainbat lekutatik informazioa hartuta Hernaniren historia pentsamendu horretara egokitzen ote zen. Testuinguru batean sartu nizkian hemengo datuak.

Ikuspuntu historikotik zertan aldatu da Hernani azkeneko urteetan? Azpimarratuko nuke Orbegozoren itxierari buelta ematea zenbat kostatu den. Herri honen zaina izan den Urumea berriz nola industrializatu den ikusi diagu gainera. Beste aldaketa haundi bat hirigintza eta komunikazio sarearen aldetik gertatu da: Donostia bereganatzen ari zen Hernani, aisialdia, kultura eta merkataritzari esker. Ikastetxeen datuen arabera frenatu duk fenomeno hori. Ikusi beharko duk Abiadura Handiko Trenarekin ere zer gertatzen den. Politika munduan berriz, datuak hor zeudek: Andoaindik Martutenera bitartean lehengo urtean 34 preso politiko zeudean, sozialak 18; politikoetatik 29 hernaniarrak zituan eta sozialak 6. Gatazkaren eraginez hildakoak berriz, 35 dituk. Horrek zerbait esan nahi dik. Mapa politikoa ere aldatu duk ilegalizazioek ekarritako distortsioarengatik.

Eta gizarte joeretan? Asko aipatzen da indibidualismoa, erreferenteak galtzea...
Instituzioen aginte itzala gainbehera etorri dela uste diat. Bakoitza bere buruaren jabe duk, baina ez ardurak hartzeko; beharbada ardurak kentzeko bai. Alde batetik libertatea ematen dik horrek, baina bazekarrek insolidario izatea ere. Datu bat badago gazteen inguruan, beharbada oso eskematikoa da, edo sinplista, baina tira: gazteen sozializazio prozesua, drogak kontsumitzen hasteko adina eta abar, 1991tik 2001era bitartean 17 urtetik 15era jaitsi huan. Eta 2004an 11-13 urtera. Sartzeko adina oso azkarra duk, baina ardurak hartzeko garaia geroz eta atzerago dijoa. Borondatezko lanak egiteko-eta nabaritzen duk hori: ez bakarrik instituzioak, elkarte altruistetan ere gutxiago hartzen dik parte jendeak.


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!