Taller D’Espai Lingüistic Personal; zer esan nahi du zehazki Espai-k?
Hizkuntz gutxitua hitz egiten duten hiztunek, normalean, hizkuntza hitz egiteko espazioa mugatua dute; guk psikologiaren bidez, espazio hori haunditzen lagundu nahi diegu.
Nola sortu zen tailerra sortzeko ideia?
Konturatu ginen kontzientzia beharrezkoa dela hizkuntza hitz egiteko, baina ez dela aski; baliabideak behar dira eta guk ikuspegi pertsonaletik jorratu nahi ditugu.
Zeintzuk dira helburuak?
Bi helburu ditu tailerrak; lehenengoa eta zehatzena da hiztuna eroso sentitzea hizkuntza hitz egiterakoan; adibidez, taberna batean eskatzerakoan askotan ez dakizu zein jarrera hartu, nola eskatu, zein hizkuntz erabili... Horrelakoetan eroso sentitzeko estrategiak lantzea da helburua. Bigarren helburua berriz, orokorragoa da: euskararen presentzia zabaltzea eta erabilera bultzatea.
Adituen ustez, erabateko elebitasuna eta eleaniztasuna ez dira existitzen. Bi edo hizkuntz gehiago daudenean, beti diglosia izango da. Zein da zuen iritzia?
Bi edo hizkuntz gehiago daudenean ez dago berdintasunik. Beti daude hizkuntz nagusia eta hizkuntz gutxitu bat edo gehiago. Beraz, joera beti da hizkuntz nagusia erabiltzea... Horrek epe luzera jakina, hizkuntza gutxitu horiek desagertzea eragin dezake.
Bi edo hizkuntz gehiago daudenean oreka beti ezegonkorra eta zitala da, eta gainera ez da kasualitatez izaten. Atzean plangintzak, diru asko eta abar daude.
Euskal Herria eta euskeraren egoera ondo ezagutzen dituzue, ezta?
Badaramagu bi urte tailerra ematen Euskal Herrian. Guk erabiltzaile aktiboak ezagu-tzen ditugu. Gero eta jende gehiagok daki euskeraz eta hori oso ona da; euskeraren osasuna lortu behar dugu. Orain arte jendeak ez zekien, orain umeek denek dakite. Horrek indarra emango digu gero eta jende gehiagok hitz egiteko.
Alde haundia al dago katalanarekin, esate baterako?
Ez horrenbeste. Hemen ematen dugun tailerra Kataluinan ematen dugunaren berdintsua da, ez dugu ia aldatzen; akaso aurreiritziak eta zertxobait aldatzen dira, baina oso gutxi, han eta hemen berdintsuak baitira: baserritarren hizkun-tza dela... Jokaerak ere berdintsuak dira, han ere hiztunak deseroso sentitzen dira, gaztelerara jotzen dute...
Baina konparaketa egiten denean beti esaten da Katalunian denek egiten dutela katalanez?
Hori esaten da, baina ez da egia. Aurreiritziak eta portaerak berdintsuak dira han eta hemen.
Hizkuntzaren erabileraren osagai psikologikoaz hitz egiten duzue. Hizkuntza bat baino gehiago
daudenean bakarrik agertzen da osagai hori, ezta?
Psikologia, egia esan, alderdi guztietan dago. Guk portaeretaz hitz egiten dugu; hizkuntz normalizatuak hitz egiten dituzten hiztunek ere, portaerak dituzte. Guk esaten dugu hizkuntz gutxituetako hiztunek zigor bikoitza dutela, euskeraz hitz egiten badute, eta gazteleraz hitz egiten badute. Euskeraz hitz egiten baduzu militantea zara, abertzalea... sailkatu egiten zaituzte; eta gazteleraz hitz egiten baduzu ere sailkatu egiten zaituzte, ez duzulako euskeraz egiten...
Zergatik jotzen dute euskaldun askok gaztelerara, nahiz eta euskeraz ondo hitz egin?
Ohitura baino gehiago da, ezta?
Hiztunak ez du hizkuntza bat edo bestea ikasi; biak ikasi ditu eta kontestuen arabera bata edo bestea erabiltzen ikasi du; aurreiritzi asko dago, esate baterako, medikuari beti gazteleraz egin behar zaio... Gainera, hizkuntz gutxituak hitz egiten dituzten hiztunek kontestuak gero eta gutxiago direla barneratzen dute.
Baina askotan gaztelerarekin erlazionatzen ez den kontestuetan ere, koadrilan esate baterako, nahiz eta denak euskaldunak izan, gazteleraz egiten da.
Bai, aurreiritzi haundiak daude; erdaraz hitz egitea sozialki ondo ikusia dago. Guri koadrilek eta, deitu izan digute eta baliabideak eskatu koadrila barruko egoerak aldatzeko; batzuk arrakasta haundia izan dute, baina deserosotasun txikiak ere badaude; adibidez, beti euskeraz egiten baduzu militantea zara... sailkatu egiten zaituzte. Zigorra da azkenean. Horregatik, indar haundia behar da jarrera hori mantentzeko.
Tailerra euskera erabili nahi duen hiztun kontziente eta ´aktiboei´ zuzendua dago. Dagoeneko ez al dago hiztun ´naturalik´?
Tailerra beharra sumatzen dutenei zuzendua dago. Hala ere, ez genuke ezberdindu behar hiztun aktibo eta naturalen artean, gaur egun hiztun ‘naturalik’ ez baitago, dagoeneko ez baitago hiztunik deserosotasunik, ezintasunik sentitu ez duenik inoiz, sufritu ez duenik; akaso izango da baten bat mendi puntan, baina bestela, ez.
Zer gertatzen da oraindik ere
euskeraz ez dakien jendearekin?
Ikuspegi psikologikotik jarrera erosoa da; haiei inork ez die ezer esaten, printzipioz; akaso noizbait, baina ez da arruntena. Erdaraz hitz egiten duenak ez du zigorrik, eta errefortzu asko ditu: kalean, komunikabideetan... Ematen du erdaraz egitea neutroa dela; ez da bere errua hizkuntz gutxitua gaizki badago...
Hori ere jarrera bat da azkenean.
Bai; batzuek aurkako jarrera hartzen dute; eta beste batzuk ez dute ezer egiten, besterik gabe. Behin tailerra dela eta, hala esan zidan batek: ‘hainbeste gose munduan eta gu honekin kezkatuta’. Erdaraz hitz egitea oso erosoa da denerako, ez da arazoa.
Badirudi euskal hiztunak beti
desabantailan daudela, konplexuz beteak, itxura ona eman nahian dabiltzala beti...
Beno, hizkuntz gutxitua hitz egiten baduzu, eta egunero-egunero mezu ezkorrak jasotzen badituzu... ba, azkenerako autoestima ere gutxitu egiten da.
Egoera deserosoetan jarrera aldatzen ikasi behar dugu; gurea edo besteena?
Hiru mailatan aldatu behar dugu jokaera: zer pentsatzen dugun, zer sentitzen dugun eta zer eta nola egiten dugun.
Euskaldunen jarrera aldatzen bada eta eroso sentitzen bada, nolabait blindatu egingo da; eta horrek besteengan ere eragina izango du, errespetoa eragingo du, aldaketa; ikusiko dute euskaraz bizi daitekeela, ondo eta eroso.
Egoera kontuan izanda,
egin ikastaroaren irakurketa
positiboa.
Gure ideia zentrala da, progresibitatea; alegia, arazo orokorrari aurre eginez gero, zapaldu egingo gaitu. Gure proposamena da egoera errezak konpontzea eta piskanaka, zaila dena errez bihurtuko da.
TELP - Taller D’Espai Lingüistic Personal
Egoera edozein delarik ere, euskeraz hitz eginez eroso sentitzeko ikastaroa
Taller D’Espai Lingüistic Personal du izena eta helburua du, edozein delarik ere egoera, euskeraz hitz eginez eroso sentitzeko baliabideak eta jarrerak eskuratzea. Bi eguneko ikastaroa izango da, datorren ostiral eta larunbatean.
Helburuak zehatzak
eta orokorrak
Euskaldun askori gertatzen zaio tentsio guneak bizitzea euskeraz egin eta parean duenak ez dakielako, erdaraz egiteko eskatu diolako, erantzun txar bat eman diolako eta abar. Egoera horiei aurre egiteko eta ahalik eta ondoen kudeatzeko erremintak eskuratzea da helburua.
Ikastaroaren helburu zehatzak honakoak dira, besteak beste: eguneroko hizkuntz gatazkak arrakastaz kudeatzeko tresnak eskuratzea; euskeraz egiteari lotutako deserosotasuna murriztea eta egoera guztietan eroso sentitzea.
Parekoaren hizkuntz egoera edo jarrera hobetzeko bideak ikastea ere ikastaroaren helburuetako bat da.
Tailerrak baditu helburu haundiago eta orokorragoak, epe luzera. Besteak beste, euskararen erabilera zabaldu eta normalizatzea.
Eduki teoriko
eta praktikoak
Tailerrak eduki teoriko eta praktikoak izango ditu. Batetik, adituek egoera horietan zergatik jokatzen den era batera edo bestera ulertzeko oinarri teoriko psikologikoak emango dituzte.
Bestetik, ikastarora joango diren hiztunak beren esperientziak azaltzeko eta horietatik abiatuta egoerak hobeto kudeatzeko tresnak ezagutuko dituzte hainbat ariketen bidez; tartean rol jokoak
.
Psikologiatik egindako
ekarpena
Gemma Sangines eta Ferran Suay dira ikastaroa emateaz arduratzen diren psikologoak; Hernanikoa zehazki Ferran Suayk emango du. Biak psikologoak dira eta hizkuntzaren erabilera bultzatu nahi dute psikologiaren esparrutik.
Horretarako helburua dute psikologiaren bidez ulertzea zergatik jokatzen den era batera edo bestera hizkuntzaren inguruan, are gehiago hizkuntza gutxitua denean, eta jarrera horiek aldatzea euskal hiztuna eroso sentitzeko.
Euskeraz egiteko gogoa
duenarentzat
Tailerra printzipioz euskeraz egin nahi duen edonori zuzendua dago, hizkuntz kontzientziadunei, hizkuntz gatazka hauetaz kontziente izan eta irtenbideren bat bilatu nahi dutenei.
Ikastaroa Hernanin denez, hernaniarrek eta bertan lan egiten dutenek lehentasuna izango dute.
Ostiral eta larunbatean
Ikastaroa datorren ostiral eta larunbatean izango da, hilak 3 eta 4, ostiralean 17:30etatik 21:00etara eta larunbatean goizeko 09:00etatik 13:30etara. Ikastaroa Biteri kultur etxean izango da.
Gehienez 20 laguneko taldea izango da eta gazteleraz izango da ikastaroa. Parte hartzen duten hartzaileek ziurtagiria eskuratzeko aukera izango dute.
Izen ematea
Ikastaroa Doberak Euskara Elkarteak antolatu du eta izena emateko elkartearen bulegora jo behar da, Larramendi 11ra edo telefono bidez: 943 332 799 eta 943 330 899. Matrikula zabalik dago irailaren 30 arte. Ikastaroaren prezioa 25 eurokoa da Doberako bazkideentzat, eta 40 eurokoa bazkide ez direnentzat.