Lasaitasunetik

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 27a, 02:00

Andoni Amonarraiz

Hiltzen, indarkeria erabiltzen, mehatxatzen eta zapaltzen jarraitzen dutenei buruz esan nahi nuke lortu nahi dutenaren kontrakoa ari direla lortzen. Orain askatasun gutxiago daukagu beraien erruz. Beraiengatik gure herria gestionatzeko konpetentzia gutxiago dauzkagu. Beraiengatik herritarren artean erlazio okerragoa daukagu. Munduan eta Espainian geure buruz zabaltzea kosta egiten zaigu, beraiek hor daudelako. Beraiek hor daudenaren aitzakia erabiliz, Euskadiren alde 100 urte baino gehiago lanean daramaten alderdi politikoak isilarazi nahi dituzte. Euskal Herria ezagutzen ez dutenek beraietako bat garela uste dute. Beraiek bezalakoak ez garenak ez gara Euskal Herriaren etsaiak. Ez dira beraiek bakea, elkar ulertzea, elkarrizketa, gizartearen ongizatea, aurrerapena eta senidetasuna bilatzen dutenak, baizik eta beste guztiak. Estatutua bezalakoak betetzen ez dituzten horiengatik ere esan nahi nuke legeak beraien neurrira egiten dituztela, Alderdien Legea esaterako. Lehendakaria hitz egite hutsagatik epaitzen dute, beste batzuk gauza beragatik epaitu ere egiten ez dituztenean. Herriari galdetzeko aukera ere ez digute ematen, ez digute kirol arloan gurea den selekzio bat edukitzen uzten. Alderdi politikoak ere, nahi bezala uzten dituzte legez kanpo, errazagoa baita ideia bat legez kanpo uztea, legea betetzen ez dutenak atxilotzea baino. Akordio batera iristeko sokak indartu beharrean, beraiek duten Estatu irizpidea ezarri nahi dute... Batzuei eta besteei esan nahi diet Euskadin oso ondo bizi garela, eta beraiek egiten dituzten mugikortasunik gabeko planteamendurik gabe, oraindik hobeto biziko ginatekeela; beraz, badela honetaz konturatzeko garaia. Herritarrok zoriontsu izatea eta izaten uztea merezi dugu. Gorrotoa eta mina sortzen jarraitzeak merezi al du?
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!