«Animali hauen zaintzaileengatik ez balitz animali hauetako asko galduta leudeke»

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 28a, 02:00

Nondik nora sortu zitzaizun bertako animalien inguruko argazki erakusketa egitea?
Badut halako arantza bat, euskaraz ez dakidalako. Ulertu ulertzen dut, eta hitz egiten saiatzen naiz. Hori gogoan, Euskal Herriari buruzko argazki erakusketa egitea bururatu zitzaidan. Ari nintzela, Euskal Herriko animalia autoktonoen egoeraz jabetu nintzen eta horretan sakontzea interesgarria iruditu zitzaidan. Erakusketa, lehendabizi niretzako egin dut, animalien egoeraren berri jakiteko, eta gero besteentzat, haiek ere egoeraren berri izan dezaten. Erakusketan argazkiaz gain panel informatiboak ikusi ahal izango dira.

Zein dira erakusketan ikusi ahal izango diren animaliak?
Guztira 26 euskal arraza daude. Erakusketan ikusi ahal izango direnak hauek: azpi gorri ahuntza, sasi ardia, betizua, pirinear arrazako behia, terreña arrazako behia, erbi txakurra, Gorbeiako euskal artzain txakurra, Enkarterriko villano txakurra, Euskal txerria, Enkarterriko astoa, latxa mutur beltza (ardia), karranzana mutur beltza (ardia), euskal oiloak (beltza, lepasoila, marraduna, gorria eta zilarra), euskal antzarra eta pottoka.

Zein argazki mota da erakusketan ikusi ahal izango dena?
Asko erretratuak dira; animaliaren burua eta aurpegia ikusten da bertan. Hala ere, saiatu naiz argazki mota aldetik aniztasuna bilatzen; toma ezberdinak egiten saiatu naiz. Bestela erakusketa aspergarria izango litzateke. Koadroen neurria 1 metro x 0,75 cm-koa da. Guztira 21 argazki dira ikusi daitezkeenak.

Nondik barrena aritu zara argazkiak ateratzen?
Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa aldetik. Eskerrak eman nahi nizkieke Bizkaiko Foru Aldundiko Mariano Gomezi eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Joxe Mari Plazaolari, haien bitartez izan baitut aukera animalien zaintzaileekin harremanetan jartzeko. Bizkaian: Sodupen, Aulestin, Turtziozen eta Zallan. Gipuzkoan: Itziarren, Ezkio-Itsason, Idiazabalen, Beizaman eta Urbian. Eta Nafarroan, Goizuetan izan naiz.

Atzera eta aurrera ibili zara orduan. Zer ikasi duzu lan guzti horretatik?
Euskal Herrian 26 arraza ditugula ikasi dut. Harrigarria da zaintzaileek animalia hauekiko duten maitasuna. Arraza hauen alde egiten ari diren lana ikaragarria da. Egiten dutena animalia hauek babesteko da, gure kulturaren alde. Esfortzu haundia da animalia hauek mantentzea, arraza hauetatik, gehienetatik, ez baitute etekin ekonomikorik ateratzen. Zaintzaile hauengatik ez balitz arraza hauek galduta leudeke. Gasteizeko txatoa izeneko txerri arraza, galdu egin da, esate baterako.

Erakusketa leku gehiagotan jartzeko asmorik baduzu?
Gustatuko litzaidake erakusketa hau osatzea, falta zaizkidan arrazekin eta Donostiaz gain beste leku batzuetan ere jartzea: Euskal Herrian, penintsulan eta baita penintsulatik kanpo ere. Dagoeneko deitu didate lekuren batetik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!