Hasi berri den ikasturtean izango da euskera ikasi eta erabiltzeko aukerarik. Hori erakutsi zuten atzo Udaletxeko Euskara Zerbitzuak, Udal Euskaltegiak, AEKk eta Dobera euskara elkarteak atzo eman zuten prentsaurrekoan.
Udal euskaltegia
Joseba Arbelaitzek, Udal Euskaltegiko zuzendariak, duten eskaintzaren berri eman zuen: tutoretza orduak izaten dituzten ohiko klaseak, batere ez dakitenentzako klaseak oinarrizko ezagutza eskuratzeko; eguerditan biltzen den guraso taldea; eta norbere kabuz aritzeko autoikaskuntza klaseak. Ekintza osagarriak ere egiten dituztela azaldu zuen zuzendariak: tailerrak, irteerak, hitzaldiak, asteburuko barnetegiak eta argazki lehiaketa, beste batzuen artean. Udal Euskaltegian HABEren mailak egiaztatzeko azterketak prestatu eta egin daitezke. Iazko ikasturteari dagokionez, Joseba Arbelaitzek balorazio ona egin du: autoikaskuntzaren gorakada, goiko mailetan dagoen jende kopurua eta osasun arloko on line ikastaroak azpimarratu zituen. Udal Euskaltegian matrikulatzeko edo eskaintzaz informatzeko Udal Euskaltegira bertara jo daiteke, garai bateko anbulategira.
AEK-ko eskaintza
Luis Intxauspek hitz egin zuen AEKren izenean, atzoko prentsaurrekoan. Berak ere bertako eskaintzaren berri eman zuen. Hutsetik hasten direnentzako klaseak aipatu zituen batetik, ordutegi ezberdinetan aukeran. Autoikaskuntzaren berri ere eman zuen, azaldu zuenez, ohiko klaseetara joan gabe eta norbere kabuz euskera ikasteko joera gero eta nabarmenagoa da. Ohiko talde arruntetan aritzeko ere aukera badago AEKn. Euskera azterketak prestatzeko klaseak ere aipatu zituen Intxauspek, baita euskaltegian bertan azterketak egiteko aukera ere. Klaseetaz gain, ekintza ezberdinak ere egiten dira AEKn: truke azoka, irteerak, asteburuko barnetegiak eta bestelako planak. Azken urteetako bideari segita, Zilegi Eskoletan parte hartzeko aukera izango da ikasturtean zehar. Gai ezberdinak landuz (zeramika, historia, sexualiatea...) euskaldun zahar eta berriak biltzen dira, Zilegi Eskoletan, euskerari astindua emateko asmoz. AEKn ere, badago oraindik matrikula egiteko aukera, Larramendi kaleko 11garren zenbakian.
‘Gure artean euskaraz’
Bestalde, urrian hasiko da Gure Artean Euskaraz ekimenean izena emateko garaia. Doberak koordinatutako egitasmo honetan euskeraz ikasi edo hitz egin nahi dutenak elkartzen dira euskeraz badakitenekin. Helburua euskeraren erabilera bultzatzea da. Izena emateko Dobera euskara elkartera jo behar da.