TXANTXANGORRIN 25garren sagardo lehiaketa izango da gaur. Afal garaian elkarteko sagardozaleak bilduko dira eta 15 sagardo ezberdinen artean onena zein den erabaki beharko dute. Hernaniko Iparragirre, Altzueta, Otsua-Enea, Olaizola, Itsasburu, Rufino eta Zelaia; Astigarragako Gurutzeta, Petritegi, Bereziartua, Herrero, Oyarbide eta Lizeaga; Donostiako Barkaiztegi eta Zubietako Astiazaran sagardotegietako sagardoak izango dira. Menua ere bikaina izango da. Hasteko arraultz egosia aterako dute, sagardoari zaporea hartzeko aproposa baita; ondoren bakailoa aterako dute, bizkaitar erara eta saltsa berdean. Saiheskia eta Urbasako gazta, kafea, kopa eta puruarekin borobilduko dute afaria.
25garrena, berezia
Txantxangorri elkartean aurreneko sagardo txapelketa 1984garren urtean izan zen. Orduan 14 sagardogilek hartu zuten parte eta irabazlea Oyarbide izan zen. Ordutik hona gauzak asko aldatu dira: bozketa kontatzeko sistema ordenagailu bidez egiten dute orain; eta afarian txandan-txandan sagardo berak atera beharrean, sagardo ezberdinak ateratzen dituzte mahai bakoitzean, esate baterako.
Arzak saria ematen
25 urte hauetan emaitza onenak lortu dituen sagardotegiari Erregulartasun Saria emango diote gaur, eta Juan Mari Arzak sukaldaria etorriko da propio saria ematera.
Elkartearen historia jasotzen duen aldizkaria
Urteurrena dela eta, aldizkari moduko bat osatu dute 1940 urtean sortutako elkartearen istoriari errepasoa emanez. Sagardo txapelketaren ibilbidearen berri ere ematen da bertan.