«Salbuespen egoera salatzeko» mozioa onartu zen atzo plenoan

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 26a, 02:00

atzo plenoa izan zen udaletxean. Besteak beste, salbuespen egoera salatzeko mozioa eta emakumeen indarkeri kasu berri baten aurkako adierazpena onartu ziren; Hernaniko etxebizitza tasatua arautzen duen ordenantza ere onartu zen.

«Salbuespen egoera salatzeko» mozioa
Plenoko azkeneko puntuan Gobernu taldeko bi zinegotzik aurkeztutako Salbuespen egoera stop mozioa aztertu zen. Mozioa bozkatu zenean aldeko 8 boto eta kontrako 8 boto jaso zituen, EAko zinegotzi bat falta baitzen; mozioa bigarren bozketan onartu zen Alkatearen kalitatezko botoarekin. Mozioak Espainiako Auzitegi Gorenak EAE-ANV eta EHAK alderdi politikoak legez kanpo uzteko erabakiaz hitz egiten du. Bertan dio, erabaki politikoa dela guztiz eta ez dela «bi alderdi ilegalizatzera mugatzen, proiektu politikoa» dela legez kanpo utzi nahi dena. Aipatzen du PSOEk «bizi dugun auzia luzatzeko aukera egin zuenetik, borondate irmoa duela herri honi ezarri zaion salbuespen egoeraren bitartez, eta kaleratzen ari diren hainbat epairen bidez, Euskal Herriarentzat marko demokratiko baten alde, independentzia bidean jartzearen alde, lan egiten dutenak legez kanpo jartzeko». Auzitegi Gorenaren azken erabakiaren aurrean, honakoak proposatzen dira, besteak beste, mozioan: Udalak «indar politiko guztiek Euskal Herriko bizitza politiko-sozialean parte hartzeko aukera eta baldintza berberak izan behar dituela defendatzea» eta «aukera politikoen aniztasunaren errespetua eskatzea». Udalak ez dio «zilegitasunik aitortzen herritarren borondateari muzin egin eta bestelako errealitate bat inposatu nahi duten lege, epai edo erabakiei». Ondorioz, Auzitegi Gorenak erabakitakoaren aurrean, mozioak dio, «EAE-ANV eta EHAKren zerrendetan aurkeztutako zinegotzi eta parlamentarioak mintzakide politiko gisa» onartzen dituela, eta beraien «parte hartze politiko osoa bermatzeko konpromezua» hartzen duela.

Gaurko deialdia
Atzo onartutako mozioan gaur egingo den ordu erdiko bilkura isilera dei egiten da. Bilkura Udaletxe aurrean egingo da, eguerdiko 12:00etan, Salbuespen egoerari Stop lelopean.

Etxebizita tasatuak
Hernaniko etxebizitza tasatua arautzen duen ordenantza ere onartu zen atzo, aho batez.

Emakumeenganako indarkeria
Joan den asteko ostegunean Hernanin emakume batek bere aurkako erasoa salatu zuen. Atzoko plenoan erasoaren eta emakumeen aurkako eraso guztien aurkako adierazpena onartu zen, aho batez. Mozioak dio erasoa ez dela «gertakizun isolatua, gure gizartean egiturazkoak diren arazoen ondorio baizik». Emakumeen aurkako indarkeria «kontzientzia kolektiboan sakonki errotutako jokabide-eredu soziokultural batean oinarritua» dagoela ere aipatzen da adierazpenean. Honen aurrean mozioak dio «jarrera hauek indartzen dituen kultura aldatzea guztion zeregina» dela. Besteak beste, «prebentzioan, emakume eta gizonen sentsibilizazioan, eta batez ere, heziketan eragitea da genero indarkeriarekin bukatzeko modua». Adierazpenean Udalak horrelako gertaeren aurrean gaitzezpen osoa adierazten du eta berdintasunaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du, baita «gertaera hauen aurrean egoki erantzuteko» ere. Bukatzeko Udalak «gonbitea luzatu nahi dio, hernaniar orori, egoera hauen aurrean jarrera aktiboa izateko, «denon ardura baita horrelakorik berriro ez gertatzea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!