Alkateak Bozeramaile Batzordeetara ez joateko erabakia hartu du

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 25a, 02:00

ALKATEAK gutun bat bidali die oposizioko alderdiei Bozeramaile Batzordera joan ez izanaren arrazoia azaltzeko. Honela dio gutunak: «Epaitegi Gorenak EAE-ANV alderdia legez kanpo uzteko hartutako erabakiaren aurrean eta erabaki honek izan ditzakeen ondorioen zain, jakinarazi nien (oposizioko alderdiei) epaitegiaren autoaren ondorio posibleen aurrean, ez nituela Bozeramaile Batzordeak deituko.
Erabakia Alkate naizen aldetik hartu dut, ulertzen baitut badituela Udalak bideak eta bitartekoak edozein gai aztertu ahal izateko, baita akordioak hartzeko ere, derrigorrez horretarako Bozeramaile Batzordea deitu gabe. Honen zergatia da sententziaren arabera EAE-ANVren hautes zerrendan aurkeztu ginen zinegotziak ezin dugula talde politiko modura aritu, eta hain justu Bozeramaile Batzordea da hauek ordezkatzen dituen udal organoa.
Hori dela eta, bozeramaile lana egiten jarraitzeko ezintasunaren aurrean, eta ulertuz ezintasun horrek galarazi egiten duela Bozeramaile Batzordeak 2007ko Udal Hauteskundeen emaitzek utzi zuten ordezkaritza plurala bere osotasunean ordezkatzea, uste dut ezin dela hau organo legitimotzat hartu, ezta egokitzat ere, udal mailan aztertu eta erabaki nahi den edozein gai eztabaidatzeko.
Horregatik, PSE-EEko ordezkariak eskatu bezala Bozeramaile Batzorderako deialdia egin dudan arren, ez naiz bertara agertu, ezta agertuko ere aurrerantzean, lehen esan bezala, Epaitegi Gorenak EAE-ANVren ilegalizazioaren inguruan kaleratutako epaiaren ondorioak argitu arte».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!