BOZERAMAILE Batzordea izan zen atzo Udaletxean eta bertan ETAren azken atentatuak gaitzesteko adierazpen instituzionala aztertu zen, PSE-EE, EAJ-PNV, EA, PP eta EBk aurkeztuta. Adierazpena onartu egin zen aipatutako alderdien aldeko botoarekin. Bestalde, Gobernu Taldea ez zen Bozeramaile Batzordean izan eta testu bat bidali die gainerako alderdi politikoei, honen arrazoia azalduz.
Onartutako mozioa
Bozeramaile Batzordean onartutako mozioak ETAk Ondarroan eta Gasteizen izandako atentatuak gaitzesten ditu, eta batez ere Santoñan izandakoa, Luis Conde de la Cruzen heriotza ekarri duena eta elkartasuna helarazten die hildakoaren senitarteko, adiskide eta lagunei. Hona puntuz puntu mozioak dioena:
• «ETak burututako hilketa hau eta beste atentatuak basakeriaren eta gizatasun ezaren beste erakusle dira. Hernaniko Udalak nahi du Santoñako eta Ondarroako atentatuetan zauritutakoak azkar sendatzea». Adierazpenean elkartasuna eta gertutasuna adierazten diete hiru atentatuetako «biktimei, senitartekoei eta lagunei».
• «Hernaniko Udalak azaldu nahi du, halaber, guztiz sinetsita dagoela, terroristen indarkeriak oinazea eta gaitzespena baino ez duela eragiten herritar gehiengoan. Horregatik, ETAri eskatu nahi dio behin betiko desagertu dadila inolako baldintzarik gabe. Horrekin batera helarazi nahi dio euskal gizarteak bakearen eta elkarbizitza baketsuaren aldeko apustua egina duela, eta indarkeriazko ekintza ankerrak guztiz gaitzesten dituela».
• «Hernaniko Udalak atentatu hauek gaitzesten ditu baita ere, atentatuen egileen koldarkeriaren eta ankerkeriaren beste erakusgarri bat direlako. Ekintza horrek beren eta ekintza horiek babesten dituztenen zitalkeria morala agerian uzten du. Udalak nabarmendu nahi du terroristen zentzugabekeria eta erokeria; izan ere, bonba-autoetako bat aldez aurretik jakinarazi gabe leherrarazi zuten eta bestea oso denbora gutxirekin jakinarazita. Horrek erakusten du Ondarroan eta Santoñan ahalik eta oinazerik haundiena eragiteko zuten grina. Atentatu hauek behartzen gaituzte gure erabateko gaitzespena adieraztera isiltasun lotsagarriari eusteko edonolako kontsiderazioen atzean babesten denari».
• «Hernaniko Udalak lanean jarraitu nahi du demokrata guztiak elkarrekin lanean aritzea indartzeko, terrorismoarekin bukatzeko, eta herri honi proiektu totalitarioa inposatu nahi diotenei aurka eginez, eta gure herrian bakea, askatasuna eta elkarbizitza baketsua lortzeko lan eginez».
• «Udalak baita ere herritarrak animatu nahi ditu atentatu terrorista horiek gaitzesteko eta biktimei elkartasuna adierazteko ekitaldi guztietan parte hartzera».