JOAN den astean EAE-ANV eta EHAK-PCTV alderdiak legez kanpo uzteko erabakiak iragarri zituen Espainiako Auzitegi Gorenak. Aste honen hasieran kaleratu dira erabaki horren inguruko sententzia edo epaiak. Astelehen gauean egin zuen publiko Espainiako Auzitegi Gorenak EAE-ANVren kontrako epaia. Bertan azaltzen denez, «ilegalizatutako Batasuna alderdiarekin elkarlanean aritu izana eta ETA erakunde terroristari babes politikoa eman izana» jotzen ditu Auzitegi Gorenak EAE-ANV legez kanpo uzteko arrazoi nagusitzat. Epaian agintzen da EAE-ANV Alderdi Politikoen Erregistrotik kentzea, bere jarduerarekin bukatzea eta alderdiari bere ondasunak kentzea. Hernaniri dagokionez, egun udaletxeko 8 kargu politiko, alkatea eta 7 zinegotzi, EAE-ANVren zerrendan aurkeztu ziren 2007ko udal hauteskundeetan. Alderdiak 4.187 boto eskuratu zituen herrian. Epaiak udaletxean izango duen eragina ez dago argi.
EHAKren kontrako epaia
Bestalde, atzo plazaratu zen EHAK alderdia legez kanpo uzteko epaia. Epaian Auzitegi Gorenak dio «EHAK ilegalizatutako Batasuna alderdiaren ondorengoa dela» eta hori dela eta, agintzen du EHAK Alderdi Politikoen Erregistrotik kentzea, alderdia desegitea eta ondasunak kentzea. EHAK alderdia Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetara aurkeztu zen 2005ean eta 9 legebiltzarkide lortu zituen, tartean Hernanin bizi den Nekane Erauskin.