Alzheimer gaixoak zaintzen dituzten pertsonentzako laguntza taldea bilduko da bihar

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 23a, 02:00

ALZHEIMeRRA duten gaixoak zaintzen dituzten pertsonentzako laguntza taldea bilduko da bihar, oporren ondoren lehen aldiz. Taldea Jose Mari Gonzalezen ekimenez hasi zen martxan 2007an. Izan ere, Jose Mari Gonzalezi alzheimerra gertutik ezagutzea tokatu zaio; duela urte batzuk emazteari diagnostikatu baitzioten. Ordutik buru-belarri aritu da lanean Hernanin laguntza taldea sortzeko, izan ere, uste du, «alzheimer gaixoak zaintzen dituzten senitartekoek ere laguntza eta animoa behar dutela, guzti hori bakar bakarrik bizitzea oso gogorra baita». Aurreneko bilera bihar egingo dute, arratsaldeko 15:00etan, Sandiusterrin. Jose Marik laguntza behar duten guztiei parte hartzeko deia luzatu die, asko laguntzen duela uste baitu. Normalean hilean bitan biltzen dira, eta tarteka bileraz aparteko ekintzak ere egiten dituzte, bazkariak esate baterako.

Laguntza eta elkar ulertzea
Bilera hauetan gaixoaren zaintzaileak, senitartekoak eta psikologo bat biltzen dira, guztira 10 bat lagun. Bertan esperientziak elkar trukatzen direla azaldu du Joxe Marik: «gaixotasun degenetariboa da eta kasu batzuetan gaixoak erabateko laguntza behar izaten du, erabateko dependentzia duelako. Zaintza lanetan dabilen senitartekoarentzat oso egoera gogorra da, eta esperientzia konpartitzeak on egiten du». Bestalde, horrelako sufrimendua norberak bakarrik bizitzeko joera izaten dela ere azpimarratu du Joxe Mari Gonzalezek eta jarrera hori ez dela batere komenigarria aipatu du. Horrekin batera, gaixoak zentroetara eta zaharren egoitzetara eraman dituzten senitarkoei ere parte hartzeko deia luzatu die, «batzuek bileretara etortzeari uzten diote horrelakoetan eta arazoa ez da bukatzen, gaixotasunarekin elkarbizitzen jarraitzen delako». Alzheimerraz aparteko gaixotasunak dituztenen senitartekoek ere badute lekua laguntza taldean, «alzheimerraz aparteko gaisotasun degeneratiboak, alkoholismoa, minbizia... azkenean, gaixotasun guzti hauen ondoan daudenak laguntza behar dute» azaldu du Joxe Mari Gonzalezek.

Alzheimerra senda ezin daitekeen gaixotasuna
Alzheimerra gaixotasun neuropsikologikoa da, degeneratiboa. Arrazoia jakina ez den arren, neuronen arteko loturak huts egiten hasten dira. Gaixoa memoria galtzen hasten da, baina ez hori bakarrik, jokabidea ere aldatu egiten du: pertsona ordenatua zena desordenatua izaten hasten da, lagunartea gustoko zuenak ateratzeari uzten dio eta bere burua zaintzen zuen pertsona utziagoa bihurtzen da, esate baterako. Badaude tratamenduak baina gaitzak ez du sendabiderik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!