Adarramendiko azken basa behiak: Betizuak

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 21a, 02:00

Galzorian dagoen arraza da betizua. Historiaurreko basa behia, arbasoen zezen gorria... badute zerbait bere begi izuek. Adarra eta Mandoegiko magaletan iraun du bereziki. Azienda majoa duen Juan Mari Otaegik eta arraza autoktonoetan aditua den Joxe Mari Plazaolak lagundu digute begirada hori entenditzen.

BESABIko pistan gora abaila hartu du todoterrenoak hormigoizko bidezuloak ikusi ere egin gabe: ´Hi, hau mendia duk eh!` dio Juan Mari Otaegik. Bi langa gorago autotik jaitsi eta ozen hasi da inguruko ganaduari deika ´Etorri, tous tous!`, kazetariaren begien harridurarako, inguruko betizuak hurbiltzen hasi dira, ezagutzen duten gizon horri ogi koxkorren bat eskutik kentzeko asmoz. Beti pentsatu izan da betizuak ikaratu egiten direla inguruan norbait sumatzean eta sinestezina egiten da derrepentean norbere burua adar zorrotzen artean ikustea. Baina Otaegiren saila berezia da oso, egunero egiten du menditik buelta bere abelburuak nola dauden ikusteko. Jubilaturik dagoen adunatar hau behi eta idi artean hazi zen eta hortik datorkio betizuenganako afizioa, nabari da eskua duela horretarako: ´Baina ez pentsa denak horrela etortzen direnik, badaude korrika alde egiten dutenak`.

Sua dario adarretatik...

Ez da zaila mendian betizua bereiztea, hiruzpalau noziorekin nahikoa da. Tamaina txikikoa da, metro bat pasatxo neurtzen du bizkarrera arte (400 kg); ile gorria edo gari kolorekoa du denean, eta muturrean edo bizkarrean ez zaio inolako beltzgunerik ateratzen; azkazalak argiak ditu eta adarrak, berriz, kolore nakaratuarekin. Urruxari adarrak zabal hazten zaizkio hasieran eta gero lira forma berezia hartzen dute behi heldua denean. Zezenaren adarrek, aldiz, ilargi erdiaren forma izaten dute. Ezaugarri horiek guztiak 1997an finkatu zituzten Iparraldeko, Gipuzkoako, Nafarroako eta Bizkaiko arduradunek, betizu prototipoa definitzeko egindako bilera batean. Baina agian, betizuen bereizgarri zirraragarriena haren begiak dira. Beste behi arraza mantsoetan ez bezala, bizi-biziak dira begi beltz horiek, eta horrek erakusten du behinola basatia izan zen animaliaren nortasuna gordetzen duela oraindik.

Jatorrian arraza librea

Betizuari ´behi+izu` etimologia atera izan zaio eta izenari ohore egiten diola esan daiteke. Badira, Euskal Herriko mendietan, sekula harrapatu gabeko aleak: ´Jendeak badaki gutxi gorabehera zeinenak diren, halako behiaren umea ote den-edo...` dio Otaegik. Berak izan ditu rifle anestesikoarekin harrapatutakoak, hortik atera kontuak. Baina gaur egun Euskal Herrian ez da jaberik gabeko betizu librerik geratzen, azkenekoak Larrun mendian ehizatu zituzten 1924an. Basa behi hauek Euskal Herri osoan zeuden aspaldi. Betizuak lirateke gure arbasoen istorioetan azaltzen diren behi eta zezen gorriak, Barandiaranek jaso legez, baserriko alabek ikuilura eraman ezin zituzten demonio halakoak. Baina istorioen atzean egiazko oinarriak daude, betizuak fosil bizidunak baitira. Basabere hauetatik eratorria da arraza piriniarreko behia: ´Pirenaikoa mejoratzen eta mejoratzen joan da eta lehengo izaera basatia galdu egin du. Bihar edo etzi berreskuratu nahi badute betizuen beharra izango dute seguru asko`. Joxe Mari Plazaolak eskarmentu haundiz hitz egiten du, badaki zer den arraza bat berreskuratzea. Diputazioko beterinario hau duela hogei urte hasi zen betizuekin lanean, eta bere ´denbora eta diruarekin` galzorian zegoen behi autoktonoa iraunarazi zuen. Gaur egun nekez aurkituko du inork betizuez berak baino gehiago dakienik: ´Azken batean ondare kultural bizia da hau` dio ondoko biga gorriari begirik kendu gabe.

Oindditik Mandoegira, betizuaren azken babeslekua

Zergatik iraun du betizuak gaur egun arte egoera erdi-basati horretan? Ez da erraza erantzuten, baina jakina da azken sailek Adarramendi eta Mandoegiko inguruak izan dituztela babesleku nagusi, eta bertan buru oso ´garbiak` mantendu direla. Badirudi gizakiaren eraginez atzerakada nabarmena izan zuela betizuak eta larreetarako balio ez zuen guneetara ezkutatu zela. Gainera, kasu askotan beste behi arrazekin nahastu zen eta horrek konplikatu egin du bere iraupena. 1975ean, arraza ia desagertzear zegoenean, Nafarroako Naturzaleen Elkarteak Goizuetako jabe bati hainbat abere erosi eta Itoiz inguruan sail berriak hazteari ekin zion: ´Gaur egun Nafarroan eta beste zenbait lekutan dauden betizu ia guztien jatorria mendi hauetan dago` dio Plazaolak. 2005eko datuen arabera Adarramendiko Gipuzkoako aldean 61 betizu daude eta hauei gehitu behar zaizkie Goizueta eta Leitza inguruan daudenak, azken batean elkarrekin bizi baitira. Dena den kontu haundia eduki behar da zenbaki horiekin, erroldak egitea ez baita batere erraza hain izuak diren animaliarekin. Euskal Herriko beste zenbait lekutan ere badira betizuak: Arno mendian, Elgean, Jaizkibelen, Diman, Lapurdiko Xoldokogainan... Horrez gain, Gipuzkoako Diputazioa betizu saldo publiko bat hazten ari da Pagoetan, eta Nafarroako Gobernuak ere modu basatian hazten ditu Agoitzen duen finka batean. Bestalde, Europar Batasunetik dirulaguntza zenbait ematen dituzte eta berreskuratze programa bat dago martxan.

Mendiko lorazaina

Txismistak jo du eta euri tanta lodikote batzuek mehatxu egin dute. Abailarri ondoko gain horretatik garbi ikusten dira Hernani eta Urnieta, eta baita Donostiako itsasertza ere. Otaegik makila luzatu du zezenko baten eta bere artean distantzia jartzeko: ´Niri aiton batek esan zidan: ‘ez gastatu behietan eta behorretan dirurik, zezenetan eta zalditan baizik’`. Esanari jarraituz ahalegin haundia egiten dute zezen onenak bereizten. Baina pasa liteke hainbat belaunaldiren ondoren behiren bati ilea iluntzen hastea edo azkazalak behar bezalakoak ez izatea; orduan Otaegik ez du zalantzarik izaten, kendu egiten du eta kito. Normalean betizuek ez dute ikuilurik ezagutzen, mendian pasatzen dute negua, elurra ari edo hotz egin, eta larre motzean ohituak daude ´jardinero lanak` egiten dituzte Plazaolaren hitzetan. Jakina, kondizio horietan ernalketa ez da hain maiz izaten eta amak esne gutxi ematen du. Animalia hauek beti eremu antzekoan ibiltzen dira bazkatzen eta ikusgarria izaten omen da maiatzean zezenen artean izaten diren borrokak, beste arraza askotan bezala, jerarkia zorrotza baitago betizuen artean ere. ´Eta jendearekin ez al da problemarik izaten?`, galdera ebidentea da, igandetan Besabiko errepidea kotxez nola betetzen den ikusita. Ezetz diote. Beste behiekin bezala, betizuekin ere kontu eduki behar da umearekin daudenean. Problemak izatekotan zezenekin izaten omen dira, udazkenean, ehiztariren baten txakurrak xaxatuz gero, baina arriskuan sentitzen badira bakarrik. ´Zenbat baserritar hilko dira urtean behi limousinak eta halakoekin? Horiek gaiztoagoak dira! Betizuek keinua egin bai, baina gero ospa egiten dute` dio albaitariak.

Lehengo haragia: ehizaren tankerakoa

Beherago badu ikuilu bat Juan Mari Otaegik (animali erosi berriak edo ama galdutakoak zaintzeko, besteak beste), belar zakarra eman dio biga bati, ondokoari aldiz pentsu naturala, arto eta garagarrez osatua. Nabari da diferentzia. Betizuaren haragiak gustu suharra du, ehizaren tankerakoa. Izaten al du arrakastarik horrek harategietan? Plazaolaren esanetan jendeak haragi txuria nahi izaten du: ´hori erraza da, animali bati burnirik ez badiozu ematen anemiko bihurtuko da`, dio. Betizuak, aldiz, gustu fuerteko txuleta txikiak ematen ditu, ´lehengo haragiarena`, eta harategietan ez da prezeski estimatuena, merkeagoa izanagatik ere: ´Komodo bihurtu gara` dio Otaegik. Hala ere pixkanaka ari da betizuaren haragia ezagun egiten. Behin probatu duenak hurrengo urtean ere nahi izaten baitu. Urtero bezala, urrian betizu jana egingo da Besabin, bertan biltzen dira abeltzainak eta aukera izaten da benetako betizu haragia jateko. Badirudi, behi autoktonoa berreskuratzeko bidean dela, aurki odol analisiak egiten hasiko dira, abere bakoitzak aita zein duen jakiteko. Baina ondare bizidunaren iraupena ezin da abeltzain gutxi batzuren esku utzi, administrazio osoaren inplikazioa beharko du.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!