Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialaren gida txikia

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 21a, 02:00

XABIER ERDOZIA, ‘LOU’
Hona hemen arrazoi desberdinegatik Sail Ofizialean parte hartzen duten pelikula gehienak. Egia esan, aurretik ikusita, lan galanta egin dute Zinemaldiko antolatzaileek hain izen propio interesgarriak biltzeko.

HIROKAZU KORE-EDA: ARUITEMO, ARUITEMO/ STILL WALKING
Egun Japonian ekoizten den zinemaren arabera, lehen mailako zuzendarien artean kokatu beharra dago Hirokazu Kore-Eda. Bitan izan dugu gure artean Donostiako Zinemaldiaren Sail Ofizialean: Wandarfuru raifu eta Hana pelikulekin, hain zuzen ere. Oraingoan erretratu familiar batekin dator (badirudi Zinemaldiaren edizio honetan hori izango dela gai nagusia) eta Nadie sabe (2005) bezain sendoa izatea espero dugu Aruitemo, aruitemo hau.

SAMIRA MAKHMALMAF: ASBE DU-PA/ TWO-LEGGED HORSE
Mohsen Makhmalbafaren alaba (Kandahar pelikula ospetsuaren zuzendaria eta zinema iraniar berriaren berpiztailea, hain zuzen ere) eta Hana Makhmalbafaren ahizpa (iaz Hanak arrakasta galanta eta sari bat jaso zuen zinemaldian Buda explotó de verguenza pelikulari esker), Samira zuzendari iraniar gazteen artean ospetsuena da. La manzana (1998), La pizarra (2000) eta A las cinco de la tarde (2003) filmeen zuzendariak maisutasuna eta ustezko erreztasuna adierazten du filme bat zuzentzen duen bakoitzean. Ea oraingoan horrela den. Gaur duzue filme hau ikusteko azken aukera (Antiguo Berri Antzokiko 2 Aretoan, gaueko 23:00etan).

MICHAEL WINTERBOTTOM: GÉNOVA
Zuzendari britaniarra hirugarren aldiz izango da Sail Ofizialean 9 songs (2004) eta Tristam Shandy: A Cock and Bull Story (2005) aurkeztu ostean. Badirudi Un corazón invencible (2007) nabaria filmatu ondoren Winterbottomek aurrekontu gutxiko proiektu intimista bati ekin diola, zeren Génova pelikula zuzentzeaz gain, gidoigilea ere bera baita. 24 hour party people (2003) eta In this world (2003) maisu lanen zuzendariak ekiten dio Hirokazu Kore-eda bezala familiaren gaiari. Ama hil ondoren, aita eta bi alabek Génovara jotzen dute berriro familia berreraikitzeko xedez. Colin Firth haundiak antzezten du aitaren rola.

LÉA POOL: MAMAN EST CHEZ LE COIFFEUR
Le papillon bleu (2004) erraldoia filmatu zuen ezkeroztik, zuzendari frantziarra ez da kamera atzekaldean ipini urte honetara arte. 1978 urte ezkeroztik dabil Pool zuzendaritza lanetan, eta nahiz eta zuzendari trebea izan, ez dugu aukerarik izan ezta bere filme bakar bat ere dastatu ahal izateko. Familia da berriro ere gai nagusia, baina kasu honetan neska gazte batek hartuko du garrantzizko rola. Eta berriro ere, amaren desagerpenak baldintzatuko ditu familiaren aurrerapausuak.

COURTNEY HUNT: FROZEN RIVER
Courtney Hunten lehenengo filmeak Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuen aurtengo Sundance Zinemaldian. Bere laburmetrai batean oinarritua, Frozen river filmeak ezkutuko migrazioaren gaia jorratzen du. Baina zerk egiten du bitxia Frozen driver hau? Dirua erraz jasotzeko asmoz, etorkinei muga pasatzen laguntzen saiatuko diren bi emakumeren zergatietan sakontzen duela. Melissa Leo eta Misty Uphanek sekulako lana egiten omen dute sail ofizialeko sorpresa izan daitekeen filme horretan. Oraindik baduzue ikusterik, gaur arratsaldeko 16:00etan Victoria Eugenia Antzokian, eta bihar ordu berean, baina Antiguo Berri Antzokian. Guztiz gomendagarria. DANIEL BURMAN: EL NIDO VACÍO El abrazo partido filmearekin, Daniel Burman zuzendariak Epaimahaiaren Sari Nagusia irabazi zuen 2004ko Berlinalen. Filme hori gauzatu zuen ezkeroztik, zuzendari argentinarrak ez du kale egin: Derecho de Familia (2006) pelikulak familiaren konplexutasunak aztertzen zituen ezinhobeto eta badirudi El nido vacío lana ere antzeko bidetik dijoala. Seme-alabak etxetik alde egiten dutenean, senar-emazteen arteko tirabirak azalean agertzen dira, eta badirudi gorabehera horiek jorratzen dituela Daniel Burmanen film horretan. Oscar Martínezek eta Cecilia Roth-ek antzezten dituzte garrantzizko rolak.

KIM KI-DUK: BI MONG/DREAM
Primavera, verano, otoño, invierno… y primavera zuzendu zuenetik, Kim ki-Duk-ek ez du filme bakar bat zuzendu gustoko dudanik. Bere estilo arraro eta itxia ez dator bat nirekin. Baina ulertzen dut zuzendari korearraren izenaren azalpenak Sail Ofiziala jazten duela. Bi mong horretan berriz agertzen da ametsen mundua eta errealitatearen arteko nahasketa, ohizko gaia den Kimki-Duken pelikuletan (Primavera, verano... filmean izan ezik). Dudarik gabe, egun estilo arrunta eta unibertso personala duen zuzendari apreziatuena (zinemaldietan, batez ere).

JAIME ROSALES: TIRO EN LA CABEZA (TIRO BAT BURUAN)
Iaz Rosales zinemaldira etorri zen La soledad bere bigarren filmea aurkeztera eta nik lagundu nion. Bere pelikulak ez zuen oraindik Goya Saria irabazi, eta aretoan oso publiko gutxi zegoen. Emanaldiaren ostean afaltzera joan ginen eta izan nuen tartetxo bat ezagutzeko. Eta bere filmeak gustatu arren (Las horas del día, La soledad baino gehiago, egia esan) oso tipo pedante eta aristokratikoa iruditu zitzaidan. Datu bat besterik ez daukat hori adierazteko: solasean ginen bitartean (monologo bat izan zen, egia esan, badirudi Egia Unibertsala duen tipo bat dela) berak langostinoak sardeska eta labanarekin jan zituen. Nire ondoan Pedro Aguilera zuzendari donostiarra zegoen eta zera aipatu zidan berak komunerako bidea hartu zuen tarte batean: «langostinoak sardeska eta labanarekin jaten dituen pertsona batetaz ez daukazu sekulan fidatzerik». Baina baliteke zuzendari ona izatea, esaten dut nik. Txantxa eta kalitatearen eztabaida aparte utzita, hau da seguruenik Zinemaldian sua piztuko duen pelikula bakarra. Rosalesek La soledad filmean zeharretik ukitzen bazuen terrorismoaren gaia, oraingoan benetako gertaera bat (beste aldean gertatutako bi goardiazibilen hilketa) oinarri hartzen du, biolentziaren erabilera politikoaz mintzatzeko. Dudarik gabe, ausarta. Eta interesgarria.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!