Aurrekontu parte hartzaileetan parte hartzeko deialdia luzatu die Udalak herriko talde eta pertsona guztiei

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 21a, 02:00

Hernaniko Udalak datorren astetik aurrera aurrekontu partehartzaileen prozesua martxan jarriko du. Lehengo urtean gauza bera egin ondoren, Udal Gobernuaren esanetan, izan zuten esperientzia ona eta gero, aurten ere Hernaniko talde eta pertsona guztiek parte hartzea nahi dute. 2009 urteko Udal aurrekontuei begira, prozesu partehartzaile bat ireki nahi dute. Bertan, lehen aipatu bezala, herriko talde eta pertsona guztiek aukera izango dute proposamenak egin, aztertu eta erabakitzeko.


Bilera egutegia
Aurrekontu partehartzaileetan parte hartu nahi dutenentzat, bilera egutegia honako hau izango da: irailaren 24an, asteazkena, proposamenak egiteko aukera izango da, 19:30etan Biteri kultur etxean. Irailaren 30ean ere, asteartea, aurreko egunean aukera izan ez dutenek, proposamenak egiteko aukera izango dute 19:30etan Biteri kultur etxean. Urrian berriz, lehendik egindako proposamenak aztertzeko aukera izango da. Honetarako ere bi egun izango dira. Lehenengoa urriaren 8an, asteazkena, 19:30etan; eta bestea, urriaren 22an, asteazkena, 19:30etan. Proposamenen azterketa hauek ere Biteri kultur etxean egingo dira. Udal Gobernuaren esanetan «herritar guztiak animatu nahi ditugu prozesu honetan parte har dezaten, horren ondorioz, aurrekontuak osatzeko unean herritarren iritzi eta proposamenak kontuan izateko».


www.hernani.net orriaren bidez proposamenak egiteko aukera
Bestalde, aurrekontuetarako proposamenak egiteko egunetan Biterira azaldu ezin daitezkeenek izango dute beste aukera bat. Udalak www.hernani.net web orria jarri du proposamenak egin ahal izateko. Honez gain, web gune berean herritarrek prozesu partehartzaileari buruzko informazioa izango dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!