Zer garrantzi du zuentzat zuen laburmetraiak Kimuak
katalogoan sartu izanak?
Gregorio: laburmetraiak festibaletara eramatea sekulako lana da: haiekin harremanetan jarri behar duzu, festibal batzuetan laburmetraia aukeraketa prozesuan ikus dezaten kuota bat ordaindu behar duzu, korreoz paketeak bidali behar dituzu... gastu haundia da. Kimuak katalogoan sartzean, haiek egiten dute lan hori guztia. Haiek aukeratzen dituzte urtean zehar, haien ustez, EAE mailan egin diren laburmetrairik onenak. Zortzi aukeratzen dituzte, eta mundu guztira zabaltzen dituzte: festibaletara, telebistetara eta abar. Laburmetrai bat egiterakoan nahi izaten da jendeak ikustea, eta momentu honetan hori lortzeko biderik onena Kimuak da.
Helburu bezala planteatu
zenuten hasieratik Kimuak
katalogoan sartzea?
Lehenago ere saiatu al zarete hori lortzen?
Javi: Egin genuen aurreneko laburmetraia, Buenas noches papá izenekoa, Kimuak-era aurkeztu genuen. 2001ean Kimuakeko bi katalogo zeuden, bata nazio mailakoa eta bestea nazioartekoa. Nazio mailako horretan sartu ginen. Orduz geroztik ez nuen laburmetrai gehiago bidali, azkeneko hau izan da bidali dudan bigarren aldia.
Laburmetraia egitean, pentsatu genuen Kimuak-en sartzeko moduko kalitatean egin behar genuela. Kimuak programan aurkeztu diren lanak jarraitu ditugu eta ikusi dugu sariak irabazi dituztela. Hori ezingo genuke lortu gure kontura ariko bagina, Kimuak-ek ematen duen laguntza haundia da, batez ere arlo ekonomikoan.
Gregorio: Aurten 55 laburmetraia aurkeztu dira Kimuak-era eta 8 aukeratu dira. Ikusten da gero eta lehia haundiagoa dagoela katalogoan sartzeko. Alde batetik, hori pizgarria da, baina badu bere alde negatiboa ere. Izan ere, katalogoan sartzeko normalean egingo zenukeena baino esfortzu haundiagoa egiten duzu, inbertsio haundiagoa egiten duzu eta sekulako komeria da aukeratzen ez bazaituzte. Gure kasuan, Tras los visillos laburmetraia etxetik atera den superprodukzioa da. Bestalde, beste festibaletan sartzeko arazoak izan ditzake, katalogoan sartu ez denak, pentsa dezakete katalogoan ez badago laburmetraia ez dela ona. Baina bueno, gauzak horrela daude, eta ongi etorria izan dadila Kimuak.
Ba al duzue festibal jakinik
buruan, zuen lanak erakustea
gustatuko litzaizuekenik?
Gregorio: festibal garrantzitsuenetan erakutsi nahi genituzke gure lanak, bistakoa den bezala.
Javi: Clemont Ferran festibalean egotea ez legoke batere gaizki. Europa mailako festibal garrantzitsuenetako bat da. Bertan laburmetraia ugari erakusten dira, munduan beste edozein lekutan baino gehiago. Film batentzat Cannes-eko festibalean egotea bezalakoa da. Badakigu Kimuak-ek lanak bertan aurkeztuko dituela. Hori bai, Kimuakek festibal horretan aurkezteak ez du esan nahi bertan izango garenik.
Laburmetrai batean eta
bestean elkarlanean aritu zarete, baina nabaritzen al da bakoitzean
sortzailearen firma?
Gregorio: bai, begi-bistakoa da. Gauza bat da batak besteari laguntzea, baina erabakiak hartzen dituena proiektuaren erantzulea da. Laburmetrai hauetan berandu hasi gara bata bestearekin elkarlanean, elkarlana postprodukzioan hasi baita. Nere laburmetraian, Tras los visillos izenekoan, nabaria da komikiaren eragina: pertsonajeak, istorio mota... Efektuek itxura surrealista ematen diote laburmetraiari. Istorio modu serioago batean kontatuko bagenu, ikusleak pentsatuko luke kontatzen den istorioa errealista dela. Hori pentsatuz gero, ikusleak dezepzioa senti dezake bukaera ikusterakoan. Hori dela eta, saiatu gara kontakizunean zehar sortutako atmosfera errealistak kolpe surrealista batzuekin nahasten: efektuekin, elkarrizketetako hainbat esaldirekin... ikuslea pixkana-pixkanaka kokatzeko.
Javi: Autoretrato laburmetraiak antzerkian egin dudan lana islatzen du neurri batean. Bi pertsonaje dira istorioko protagonista eta dena lokalizazio bakar batean gertatzen da. Baina beste alde batetik zinematografikoki ikusten da, hau da, esate baterako antzerkian ez dago mozketarik, ez lehendabiziko planorik. Antzerkia eta zinea nahasten dira bertan: alde batetik antzerkiko estruktura duten pertsonaje, estruktura eta elkarrizketa agertzen dira eta bestetik dena modu zinematografikoan azaltzen da.
Ze lan du laburmetrai
bat egiteak? Zenbat diru
eta denbora kostatzen da?
Javi: Autoretrato filma egiteko bi urte behar izan dira: gidoia idazten hasi, bukatu, erakutsi eta berari buruz hitz egiten hasi eta zerbait montatu nahi duzula erabaki; gero, lan taldea bildu eta nola nahi duzuen pentsatu eta erabaki behar da; gero errodatu egin behar da; eta ondoren postproduzio fasea dator, montajea eta abar. Denbora guzti honetan zehar dirua gastatzen da eta hasieran behintzat beharrezko dirua norbere poltsikotik ateratzen da. Dirulaguntzak ere badaude, eta eskaera onartzen badute hortik lortu daiteke diru sarrera bat. Gaur egun laburmetrai batek, guk egin dugun kalitatean, 40.000 eta 50.000 euro artean balio ditu. Hori, lan egin duen jendeak kobratzen ez badu... kobratuko balu, beste 20.000 euro gehiago jarri beharko genituzke. Behin laburmetraia egiten hastean, gero eta gehiago nahi izaten duzu, eta ez diozu zure buruari barkatzen diru faltagatik gauzak gaizki egitea. Hor hasten da korapiloa, baina hasi zarenez bukatu egin behar duzu.
Gregorio: Kimuak-en sartu gara eta ondo hasi gara. Laburmetraia erakutsi ahal izateak egindako lana errentabilizatzeko aukera emango digu, beste modu batera bada ere, hau da, lanak egiten jarraitu ahal izateko aukera emango digu, eta proiektu interesgarrietan parte hartu eta egin dezakeguna erakusteko aukera emango digu. Garesti ateratzen den aurkezpen txartel moduko bat da. Gustatuko litzaidake azpimarratzea profesionalez osatutako lan taldea izan dugula eta debalde egin duela lana. Esate baterako Tras los visillos-eko argazki zuzendaria Gonzalo F. Berridi izan da eta astebetez egin du lan, debalde. Berridi pelikula garrantzitsu askotan argazki zuzendaria izan da, bere soldata du, eta debalde egin du lana, laguna delako. Bera bezala, lan taldeko jende asko aritu da eta haien laguntza gabe ezin izango genukeen laburmetraia egin.
Bestalde, denbora aldetik, laburmetraia prestatzeko urtebeteko prestaketa lana behar izan dugu. Produkzio-aurrea ondo prestatzen baduzu, errazagoa izaten da jarritako helburuak lortzea.
Hitz egiten al da euskal
zineaz? Zer iritzi duzue etiketa horri buruz?
Javi: Aurten film euskaldun bakarra egin da, Gorka Mertxanen La casa de mi padre. Hori izango da Donostiako Zinemaldian ikusi ahal izango den euskal film bakarra.
Gregorio: Baina zer da zine euskalduna? Zer da, Euskal Herrian egiten dena, euskaraz egiten dena... Azken finean etiketa bat jartzea da. Egia da, sentsibilitate bat badagoela hemen, beti egin izan da zinea Euskal Herrian. Agian momentu honetan zailagoa da, arrazoi ekonomikoengatik. Inbertitutako dirua ez da errentabilizatzen. Bestalde, badaude Madrilen egiten diren filmak, baina lan taldearen %80 euskalduna da. Zinean dabiltzan euskaldunak mundu osoan zehar daude, filmeen kredituak ikusi besterik ez da egin behar.
Javi: Nik esango nuke laburmetraien kasuan esan daitekeela badagoela euskal laburmetraia. Bi euskal laburmetraia Oscarretarako nominatu zituzten. Esango nuke euskal laburmetraiak goi mailan izan direla.
Laburmetraiak:
AUTORETRATO
Alma talentu haundiko pintore gaztea da. Enpresari aberats batek babesten du eta bere hurrengo erakusketa prestatzen ari da. Bere ametsa betetzeko zorian dagoenean emakume misteriotsu baten ezusteko bisita jasoko du. Vito Rogado da aktore nagusietako bat.
Javi Alonso eta Raul Lopez. (La Burla produktora)
TRAS LOS VISILLOS
Laburmetraia terrorezko thriller bat da. Pertsonaje xelebrez
betetako kontakizuna da: bere burua ezkutatu nahi duen hiltzailea eta aurpegiak aldatzeko operazioak egiten dituen medikua, beste batzuen artean.
Gregorio Muro eta Raul Lopez.
Zine, telebista eta antzerki munduan ibilbide luzea egindakoak
KIMUAK katalogoan sartzea sari moduko bat izan da lau artista hauentzat, baina saria ez da kasualitatez etorri. Lauek ere urte ugari daramate zine, antzerki eta telebista munduan murgilduta.
Gregorio Muro, Zintzotasuna zineko
proiekzioak jartzen
zituenaren semea
Gregorio Muroren aitak filmak proiektatzen zituen Zintzotasuna zinean. Gregorio beti izan zen proiekzio gelan eta betidanik gustatu izan zaio zinea. Etxean zinea egiteko dirurik ez zenez, paperean hasi zen zinea egiten, hau da komiki munduan murgildu zen. Komikiaren munduan arrakasta izan zuen, nahiz eta berak dioenez, marrazkilari baino gehiago gidoilaria den. Hainbat komiki liburu argitaratu ditu, Europan eta AEBtan. Komiak egitea izan zuen ogibidea urtetan. Zinean sartzeko aukera sortu zitzaion gero, marrazki bizidunak egiten. La leyenda del viento del norte filmeko gidoilaria izan da, telebistarako marrazki bizidun telesailak ere egin ditu. Zuzendari lanetan ere aritu zen Carlos Argiñano protagonista zuen El Rey de la Granja filman. Goya saria irabazi zuen Goomer izeneko filmeko gidoilaria ere izan zen. Año Mariano eta beste hainbat pelikulatan ere parte hartu du. Zinera bueltatzeko gogoa zuen, eta Tras los visillos laburmetraia osatu zuen, Kimuak katalogoan sartu dena. Gaur egun telebistan egiten du lan.
Javi Alonso, antzerkiaren herentzia
Javi Alonsok betidanik idatzi izan du. Antzerki gidoiak idazteari ekin zion eta hainbat antzerki obra idatzi eta zuzendu zituen. Gero zinearen munduan hasi zen, hainbat ikastaro monografiko egin zituen: argazki zuzendari ikastaroa, aktore zuzendaritza, gidoi ikastaroa. Bitarte horretan hainbat laburmetraia idatzi zituen eta horietako bat grabatu zuen, Buenas Noches Papa. Autoretrato bere laugarren laburmetraia da.
Vito Rogado Vito Rogado aktoreak Madrilen antzerki ikasketak egin zituen. Ikasketak bukatu eta Euskal Herrira itzuli zen. Hasierako urtetan ez zuen antzerako lan askorik egin. La gran Evasion programan hartu zuen parte eta gaur egun Mi querido Klikowsky telesailean aktore lanetan dabil. Walt Disney me jodio la vida izeneko antzezlanean aritu da aktore lanetan eta baita Buenas Noches Papá laburmetraian ere.
Joxan Ruiz, inguruko HD tekniko bakarretakoa
Joxan Ruiz hemen inguruan HD ekipoarekin ibiltzen den bakarretakoa da. HD kamarak definizio haundiko kamara digitalak dira, zineko kalitatea ematen dutenak. Telebistan egin du lan urtetan eta gaur egun Bainet produktorako errealizadorea da, Brikomanian egin zuen lan eta gaur egun Bricogarden programan. Unitate mobiletan ere egiten du lan. Hainbat laburmetrai ere egin ditu lagun artean. Bainet Produktoran Gregorio Murorekin egin zuen topo eta bi laburmetrai hauek egiten parte hartu du.