‘Hernani patinez’ egunean, ginkana eta ibilbide bat patinez egiteko aukera izango dira gaurkoan

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 20a, 02:00

MUGIKORTASUN Iraunkorraren Astea amaierara iristen ari den arren, Udalak ekitaldi ugari antolatu ditu azken hiru egun hauetarako, kotxeaz aparteko garraio motak bultzatzeko asmoarekin.

Gaur ‘Hernani patinez’
Gaurko bi ekitaldiak patinez egitekoak izango dira. Lehenengoa goizeko 11:00etatik 12:00etara izango da. Ekitaldiaren helburua ibilbide bat patinez egitea izango da eta ibilbidea Txantxangorri elkarte aurretik egingo da, Urbieta kalean barrena. Ondoren, eguerdiko 12:00etan Atletismo pista inguruan ginkana egingo da, patinez baita ere. Bi ekitaldiak haur, gazte eta helduei zuzenduak daude. Antolatzaileek jendeari parte hartzeko mezua zabaldu nahi die. Gainera, ekitaldietan parte hartzen dutenentzat, amaitutakoan hamaiketakoa izango da. Bestalde, patinak ez dituztenek patinak debalde alokatzeko aukera izango dute, karneta utzita. Patinak hartzeko postua goizeko 10:30etatik aurrera egongo da Txantxagorri parean. Patinak eguerdiko 13:00ak aurretik itzuli beharko dira, Gabriel Zelaia plazan

Bihar bizikletaz
Gaur patinez ibiltzeko ekitaldiak izango diren bezala, biharkoan bizikletan zirkuito bat egiteko aukera izango da. Ibiltzera animatzen direnek, aukera izango dute 09:30etatik 12:00etara Plaza berritik aterata. Bihar ere, ibilaldia amaitu ondoren, partehartzaile guztientzat hamaiketakoa izango da.

Astelehena azken eguna
Astelehenean bukatuko da Mugikortasun Iraunkorraren Astea. Arratsaldean 17:00etatik 19:00etara haurrentzako jolasak izango dira Urbieta kalean. Ondoren, 19:00etan argazki lehiaketako parte hartzaile guztiei ongi merezitako saria emango zaie Udaletxean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!