Euskal Herriko dantzari gazteak bihar Hernanin

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 20a, 02:00

BIHAR eguerdiko 12:00etan hasiko da X. Gazteen Trikitixa Txapelketa Gudarien plazan. Txapelketa Kriskitiña Dantza Taldeak antolatzen du Hernaniko Udaleko Kultura Sailarekin elkarlanean. Guztira sei bikotek hartuko dute parte; Aia, Anoeta, Andoain, Zestoa eta Hernanikoak. Hauetatik hiru bikote hernaniarrak izango dira; Irati Ugalde eta Amaia Mujika, Maialen Murua eta Ainhoa Usandizaga, eta Olatz Jaka eta Ainhoa Errazkin. Guztiak Hernaniko Musika Eskola publikoko ikasleak dira. Bikote guztiak baserritar jantziekin parte hartu beharko dute txapelketan eta hauen parte hartzea txapelketa hasi baino ordu erdi lehenago erabakiko da, zozketa bidez. Parte hartzeko kondizioa 16 urte baino gutxiago izatea da. Aurten parte hartuko duten bikoteek 12 eta 16 urte bitartean dituzte.

Hiru pieza
Bikote bakoitzak hiru pieza jo beharko ditu. Trikitixa eta porrusalda derrigorrezkoak izango dira. Hirugarren pieza berriz, fandango eta arin arinaren artean aukeratzeko izango dute parte hartzaileek.

Sari banaketa
Txapelketako bikote irabazleak txapela, trofeoa eta dirua irabaziko ditu. Hala eta guztiz ere, parte hartzen duten bikote guztientzako izango dira trofeoak eta diru saria. Honez gain, Hernaniko hiru bikoteek beste trofeo bat ere jasoko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!