Aurtengoan ere Sagarra eta sagardoaren festa izango da Gudarien plazan bihar, Tolarea Sagardoaren Kofradiak antolatuta. Bertan, Hernaniko 12 sagardotegik hartuko dute parte, honako hauek: Itxasburu, Goiko-Lastola, Otsua-Enea, Elorrabi, Zelaia, Altzueta, Larre-gain, Rufino, Alberro, Iparragirre, Olaizola eta Akarregik.
Goizean ekitaldi ugari
Beraz, bihar goiz goizetik festa izango da. Goizeko 09:00etan, kalejira izango da txistulariekin. Ondoren 10:30etan, sagar eta sagar produktuen erakusketa. Ordu erdi beranduago hasita, eguerdiko 13:30ak arte, Sagardo dastaketa izango da pintxoekin batera, aipatutako sagardogileekin.
Sagardo dastaketak jende ugari erakartzen duela kontuan izanda, dastaketak irauten duen bitartean, 12:00etan sagarra biltzeko prozesua ezagutaraziko da, eta ondoren, sagardogintza erakustaldia izango da.