EHAK legez kanpo uzteko erabakia iragarri zuen ostegun iluntzean Espainiako Auzitegi Gorenak. Asteartean, EAE-ANV alderdia legez kanporatu zuen Gorenak, eta asteazkenean Auzitegi Nazionalak Askatasuna eta Amnistiaren Aldeko Batzordea desegiteko agindua eman zuen. EHAK alderdia Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztu zen 2005ean. Guztira 9 legebiltzarkide eskuratu zituen eta bozeramaile Nekane Erauskin izendatu zuten, Hernanin bizi den aramarra. Auzitegi Gorenak hartutako erabakiak ekarriko du, EHAKren ondasunak Espainiako Estatuaren esku geratzea eta bere jarduna desegitea. Lehendik ere, otsailean, Auzitegi Nazionaleko Baltasar Garzon epaileak EHAK alderdiaren jarduna etetzeko agindua emana zuen, EAE-ANVren jarduna etetzearekin batera. Horrez gain, Ezker Abertzalea talde parlamentarioko bi kide ikertzeko eskaria egin zuen, tartean Nekane Erauskin.
Aurrekariak
Bestalde, osteguneko erabakiak izango duen eragina jakiteko goiz bada ere, epai honek baditu aurrekariak. Izan ere, duela bost urte, Auzitegi Gorenak HB-EH-Batasuna legez kanpo utzi zituen eta Eusko Legebiltzarrari autoa bidali zion SA taldea desegiteko aginduz. Legebilzarrak ez zuen SA desegin. yy