Herrian barrena patinetan ibiltzeko aukera izango da bihar

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 19a, 02:00

MUGIKORTASUN iraunkorraren aldeko astea izaten ari da egun hauetan eta egunero-egunero garraio ereduaren inguruko gogoeta egiteko ekintzak izan dira, Udalak antolatuta. Herri barruan kotxeaz aparte garraioak, hainbeste kutsatzen ez dutenak bultzatze aldera, Udalak zirkuito moduko bat osatu du herrian barrena patinez ibili ahal izateko. Bihar goizeko 11:00etan hasita, Txantxangorri elkarte paretik abiatuko dira animatzen diren herritarrak, haur, gazte eta heldu. Ibilbidean zehar udaltzainak izango dira trafikoa mozten, beraz lasai ibili ahal izango da.

Patinen alokairua
Patinik ez duenak ez du bihar zirkuitoan ez ibiltzeko aitzakiarik. Izan ere, Udalak patinak utziko ditu debalde. Horretarako goizeko 10:30etatik 10:55etara Txantxangorri elkarte parean izango den postuan eskuratu ahal izango dira, karneta utzita. Patinak Gabriel Zelaia plazan bueltatu beharko dira, zirkuitoaren helmugan, eguerdiko 13:00ak bitartean. Bestalde, eguerdiko 12:00etan ginkana antolatu dute Gabriel Zelaia plazan. Bertan jokoak izango dira eta patinekin ibili beharko da.

Urbieta kalea moztuta
Mugikortasun astea dela eta Urbieta kalea moztu egin dute, kalea oinezkoentzako, patinetan eta bizikletan ibiltzen direnentzat berreskuratzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!