Kronikako langileek ireki zuten atzo Garagardo Azoka, errugbi denboraldi berrirako animoak emanez

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 19a, 02:00

HERNANIKO Kronikako langileak izan ziren atzo V. Garagardo azokako lehen tragoa hartu zutenak. Kronikako langileek Errugbi elkarteari eskertu zioten azoka irekitzera gonbidatu izana, eta azpimarratu zituzten errugbi elkarteak bere ibilbidean egindako lana eta izandako lorpenak. Hastear duten denboraldirako zorterik onena eta animo guztia eman zizkieten. Garagardo basoari heldu eta «osasuna eta kemena!» esanez egin zuten topa bertara gerturatutako guztiekin.

Igandera arte izango da azoka irekita, Atsegindegin
Garagardo azokan trago bat hartu eta mokadu bat egiteko aukera izango da igandera arte. Gaur arratsaldeko 19:30etatik gaueko 01:00etara irekiko dute eta, larunbatean eta igandean, eguerdiko 12:30etatik gaueko 01:00etara. Bazkaltzeko eta afaltzeko ordutegia eguerdiko 12:30etatik 16:00etara eta arratsaldeko 19:00etatik gaueko 01:00etara izango da. Gainerako orduetan garagardoa edateko aukera izango da.

Azokaren bueltan, ekintzak
Azokaren bueltan larunbatean 23:00etan umorezko monologoa izango da. Igandean umeentzako jokoak izango dira, Errugbi Eskolak antolatuta, 17:00etan Biterin. Igandean, bazkalostean mus txapelketa azkarra jokatuko dute errugbiko beteranoek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!