ATZO jakinarazi zituzten Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako prozesuko epaiak. Epaiketa joan den apirilaren 21ean hasi eta ekainaren 18a bitartean izan da Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta bertan 27 pertsona zeuden inputatuta. Horietako bi Hernanin bizi direnak, Juan Mari Olano eta Ixone Urzelai. Atzoko saioan Juan Mari Olanori 10 urteko kartzela zigorra ezarri zioten eta Ixone Urzelai absolbitu egin dute. Guztira 27 izan dira Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren aurkako prozesuan inputatu dituztenak eta horietatik 21 laguni kartzela zigorra ezarri diote; 8 eta 10 urte bitarteko zigorra. Horietatik 13, tartean Juan Mari Olano, baldintza gabe espetxeratzeko agindua eman du epaileak. Beste 8 behin-behinean libre utzi ditu. Azken hauek astean bitan sinatzera joan beharko dute. Denei ere talde terroristako kide izatea leporatu diete. Azkenik, beste hiru lagun, tartean Ixone Urzelai, absolbitu egin dituzte. Bestalde, Amnistiaren Aldeko Batzordea eta Askatasuna legez kanpo utzi eta desegiteko agindua ere eman zuen epaimahaiak.
Manifestazioa atzo
Manifestazioa izan zen atzo arratsaldean Hernanin AAMren kontrako epaia eta EAE-ANVren legez kanporatzea salatzeko.