Kale antzerkia eta gidatzerakoan kontsumoa gutxitzen ikasteko kurtsoa gaur

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 18a, 02:00

MUGIKORTASUN Iraunkorraren Aldeko Astea bete betean da. Aste honetan zehar Hernaniko Udalak bat egin nahi izan du gai honen inguruan Europako beste hainbat herrialdetan egiten ari diren gogoetarekin. Helburua da gogoeta zabaltzea, eta kotxeaz aparteko garraio motak bultzatea; eguneroko garraio ohiturak aldatuta gutxiago kutxatu baitaiteke.

Kale antzerkia eta ikastaroa
Mugikortasun astearen barruan, gaurkoan bi ekitaldi izango dira. Alde batetik Iñaki Mataren eskutik kale antzerkia izango da. Guztira bi saio izango dira, lehenengoa arratsaldeko 17:00etan Urbieta kalean, azoka gunean. Bigarrena aldiz, 18:30etan Plaza Berrin. Bestetik, Automobilak eraginkortasunez gidatzeko ikastaroa izango da. Helburua gidatzerakoan kontsumoa gutxitzen ikastea da eta bide batez, energia aurreztea. Ikastaroa arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara izango da Biteri kultur etxean. Gehienez 15 pertsonek eman dezakete izena, eta bihar eguerdiko 14:00ak arte izango da aukera olatz-u@hernani.net-en.

Argazki lehiaketa Mugikortasun
Astearen barruan Hernani eta mugikortasuna gaia zuen argazki lehiaketa ere izan da. Guztira 5 herritarrek hartu dute parte eta antolatzaileek jakin arazi dutenez, hauek aurkeztutako lanekin egingo da erakusketa. Sariei dagokienez, ez dira hasiera batean uste zen bezala bi irabazle izango, sariak aurkeztutako bost lehiakideen artean banatuko baitira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!