Wukro herriari laguntzeko, asteburuan izango den jardunaldia aurkeztu zuten atzo

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 17a, 02:00

WUKRO herriari laguntzeko elkartasun jaialdia izango da asteburuan. Laugarren urtea da Hernaniko talde batek Wukron (Etipia) dagoen Angel Olaran misiolariaren proiektuak bete ahal izateko elkartasun jaialdia antolatzen duela.

Diru laguntzak
Askotan herritarren artean dirua iristen den edo ez zalantza izaten da, eta elkartasunaren ardura daraman taldeak argi utzi nahi izan duenez, «gu ez gara ONG bat beraz, ez dugu gasturik; herritarren lasaitasunerako argi utzi nahi dugu gure helburu bakarra Angel Olarani diru laguntza bidaltzea da, eta ateratako azken zentimoa ere iristen da».

Asteburuko jardunaldiak
Hala eta guztiz ere, taldeak eskertu nahi du herritarrek azken urteetan izan duten eskuzabaltasuna. Aurtengoan ere herritarrek hutsik egingo ez dutelakoan, elkartasun jardunaldiak antolatu dituzte astebururako. Larunbatean, arratsaldeko 17:00etatik aurrera umeentzako jolasak, elkartasun kilometroa eta salmenta postua izango dira, Atletismo pistan. Igandean berriz, eguerdiko 14:00etatik aurrera herri bazkaria izango da Atsegindegin. Bazkarirako txartelak aldez aurretik erosi behar dira bilduko den jende kopurua kalkulatu ahal izateko. Salgai izango dira 22 eurotan Kixkal, Aralar, Miguel Oa, Goiz Eguzki, Galerias Buen Precio, Iruretagoiena, Onddi tabernan eta ostegunetako merkatuan. Mikel Lujanbiok ere saltzen ditu. Hauetaz gain, kamisetak, motxilak, pinak ere izango dira salgai astean zehar. Diru laguntza emateko aukera ere izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!