Udalak mozioa onartu du lan orduak gehitzearen aurka, Ezker Batuak aurkeztuta

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 17a, 02:00

ATZO Udaletxean izan zen Bozeramaileen Batzordean Ezker Batuak aurkeztutako mozio bat onartu zen. Bertan salatzen da Europar Batasunak egindako proposamena asteko lan ordu kopurua handitzeko. Gobernu Taldeak, PSE-EE, EA, EAJ eta EB-k baiezko botoa eman zuten eta PP-a abstenitu egin zen.


Mozioaren edukia
Europar Batasunean lanaldiaren antolaketa, hau da, lan ordu kopurua aldatzeko proposamena onartu berri dute. Proposamen hau behin betirako onartuz gero, lanaldia handitzeko aukera izango litzateke. Orain astean 40 edo 48 lan ordu egiten badira, prosamenarekin 60 edo 65 lan ordu egitera irits daiteke langilea. Nahiz eta Europako Parlamentuan proposamena behin betirako onartzeko bigarren botazio bat egin behar den, Ezker Batuaren esanetan «proposamen honek lanerako eskubiden atzerakada larria dakar eta lan arloan ia mende bateko historia duen lorpen bat zapuzteko mehatxu garbia izango litzateke». Proposamena bigarren bueltan onartuz gero enpresariek eta langileek, lanaldia handitzeko aukera izango lukete, beraien artean akordio batetara helduz gero. Gainera, Ezker Batuak dioenez «akordioak baita ere, lanean izan arren, lan efektiboa egiten ez den debonbora lan denbora gisa ez kontsideratzea ekarriko luke; esaterako, mediku bat guardian egongo balitz, aktiboan ez dagoen denbora ez litzateke lan efektiboa izango»


Hartutako erabakiak
Mozioaren inguruko erabaki hauek hartu zituen atzo Udalak: Hernaniko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak Gobernu Zentralari eta europarlamentariei akordioa baztertzeko eskatzea, gaur egungo langile eta enpresarien arteko negoziazio kolektiboak defendatzea, Europako sindikatu erakundeek urriaren 7an antolatu duten mobilizazioa babestea eta hernaniarrei parte hartzeko dei egitea; eta azkenik, herritarrei eta herriko gizarte kolektiboei erabakiaren berri ematea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!