EAE-ANV legez kanpo uztea erabaki du Espainiako Auzitegi Gorenak, Francisco Jose Hernando, Espainiako Auzitegi Goreneko presidenteak atzo prentsaurrean jakinarazi zuenez. Azaldu zuenez, erabaki honek ekarriko du EAE-ANVri dituen ondasun guztiak kentzea. Epaia ez da oraindik argitaratu, baina datozen egunetan argitaratuko dela aurreratu zuen auzitegiko presidenteak.
Erabakia hartzerakoan Auzitegi Gorenak kontuan hartu ditu Estatuko abokatuaren eta fiskalaren eskaerak, presidenteak prentsaurrekoan azaldu zuenez. Estatuko abokatuak eta fiskalak argudiatu dute EAE-ANVk Batasunari laguntza eta babes politikoa eta instituzionala eman diola, eta Batasunarekin lotura ekonomikoa duela.
Atzoko erabakia ez da EAE-ANVren aurkako lehenengoa. Otsailean Baltasar Garzonek, Audientzia Nazioleko epaileak, alderdiaren jarduna etetzeko agindu baitzuen, beste hainbat neurrirekin batean.
Bestalde, Auzitegi Gorena bihar hasiko da aztertzen EHAK legez kanpo uzteko auzia.
Hernanin 4.187 boto
Oraindik ere ez dago argi atzo jakinarazi zen erabakiak zein eragin izango duen Hernaniko Udalean. Hau da, zertan eragingo dien 2007ko udal hauteskundeetan EAE-ANVren zerrendan aurkeztu ziren Alkate eta zinegotziei. Zerrenda horrek 4.187 boto eskuratu zituen azken udal hauteskundeetan, botoen %47.