OSTEGUNEAN hasi eta igandea bitartean nahikoa garagardo hartzeko eta garagardotegiko menua dastatzeko aukera izango da Atsegindegin izango den V. Garagardo Azokan. Arratsaldeko 19:30etan hasiko da eta aurtengoan Hernaniko Kronika izango da Azoka inauguratuko duena, Joxelu Larretxearen esanetan «azken urteetan errugbiaren alde egindako lana eta laguntzagatik esker ona emateko modu egokia da, errekonozimendu moduan».
Garagardoak eta menua
Aurtengoan ere, Garagardo Azokako eskaintza ez da makala. Guztira 13 garagardo inguru izango dira aukeran, horietatik bat edo beste berriak, ezagunen artean honako hauek: Heineken, Guinness, Murphy´s eta Paulaner markak.
Gainera, garagardo on batek menu on baten beharra izaten du Garagardo Azokan, eta horretan ere ez dute hutsik egin antolatzaileek aurtengoan. Jateko tradizionalak diren kodilloa, saltxitxak eta euskal oiloa (luma gorria) izango dira.
Monologoa, errugbi jokoak eta mus txapelketa azkarra
Urtetik urtera harrera hobea duen azoka dela kontuan izanda, antolatzaileek aurtengo ediziorako zerbait berezia antolatu dute, monologo bat, alegia. Larunbat gauean izango da, afalostean, 23:00ak inguruan. Bertara afaltzera edota zerbeza ezberdinak dastatzera hurbiltzen direnek umorez betetako monologoak entzun eta ikusteko aukera izango dute Tambana taldearen eskutik.
Igandean, umeentzat, Hernaniko Errugbi Eskolak antolatuta errugbiarekin zerikusi zuzena duten jokoak izango dira. Biteri kultur etxean arratsaldeko 17:00etan hasiko dira eta helburua da umeak errugbiarekin lehen hartu emana izaten hastea, jokoen bidez. Egun berean baita ere, bazkaldu ondoren, errugbi taldean ibili ziren beteranoak mus txapelketa azkarra jokatuko dute.
Lau egunetako ordutegia
Garagardo Azoka ostegun eta ostiralean arratsaldeko 19:30etatik gaueko 01:00a ingurura arte izango da zabalik. Asteburuan berriz, ordutegi zabalagoa izango da. Larunbat eta igandean 12:30etan irekiko dute eta 16:00ak arte egongo da jan eta edateko aukera. Arratsaldeko 16:00etatik 19:00etara berriz, garagardoa hartzeko aukera bakarrik izango da. Ordu horretatik aurrera afaltzeko aukera izango da gaueko 01:00a arte. Lau egun hauetan azoka ixteko ordua momentu horretan bertan dabilen jendeak baldintza dezake.
Errugbiaren aldeko apostua
Askorentzat Garagardo Azoka garagardoa dastatzeko edo ohizkoa ez den janaria jateko aukera izan daiteke, baina antolatzaileentzat honen esanahia haruntzago dijoa. Azokan ateratako dirua Hernaniko Errugbi taldearentzat aurre kontuko herena da, eta denboraldian zehar egin behar dituzten bidaia, ekipamendu eta abarrentzako behar-beharrezkoa dute.
Gainera, Joxelu Larretxearen esanetan, hernaniar askorentzat «azoka topagune antzeko bat ere bada urte guztian zehar ikusten ez diren auzo ezberdinetako bizilagunak bertan ikusten baitira». Beraz, ostegunetik aurrera izango da nahikoa aukera.