Ioritz Arrieta Lezoko Torneoko txapeldun

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 16a, 02:00

Asteburuan pelota txapelketa ezberdinetan aritu dira herriko pelotariak. Lezoko torneoko finalean, jubenil mailan, Ioritz Arrieta eta Berrizko Perosanzek osatutako bikoteak 22 eta 16 irabazi zuen, Ezkurdia eta Zubiriren kontra. Arrietak ondo jokatu zuen, sakearekin min haundia egin zion bikote aurkariari eta bere bikotea oso ondo lagundu zuen. Perosanz torneoko pelotaririk onena izendatu dute, bere kategorian. Bestalde Euskal Jaiak torneoan hernaniarrek ez zuten finalik irabazi. Kadete mailan, Lujanbio eta Elorzak 22 eta 20 galdu zuten, Aurrera Saiaz taldeko Maiza eta Labakaren kontra. Jubeniletan, Aizpitarte II eta Otaegik 22 eta 19 galdu zuten, Zumaia eta Donostiako Iriondo eta Perezen kontra. Bestalde, datorren asteburuan hasiko dituzte mutilek Gipuzkoako Txapelketako partiduak. Guztira C.D. Hernaniko 11 taldek jokatuko dute. Helburua txapelaren bat edo beste eskuratzea izango da, baina batez ere, senior talderen bat aurreneko mailara igotzea nahi lukete.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!