Mahaingurua izango da gaur eta bertan aztertuko dute herria garraio aldetik nola dagoen antolatuta

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 16a, 02:00

MUGIKORTASUN iraunkorraren Aldeko Astea hasiko da gaur. Mugikortasunaren inguruko gogoeta Europako herrialde askotan izango da, eta Hernaniko Udalak bat egin du ekimenarekin. Mugikortasunaren gaia zabala da, aste honen helburua horren inguruko gogoeta zabaldu eta herritarrak kontzientziatzea da: kotxeaz aparteko garraio bideak bultzatu eta ezagutarazi, herriko jendeak herrian barrena eroso ibiltzeko dituzten oztopoak identifikatu, ingurumenean garraio mota ezberdinek duten eragina, eta abar. Gaur bertan gai guzti hauen berri jakin eta eztabaidatzeko aukera izango da, Hernani eta mugikortasuna izeneko mahainguruan. Bertan, Pello Lozano Arnasa plataformako kideak hitz egingo du, unibertsitateko geografiako irakaslea ere badenak. Harekin batean Imanol Jimenez ariko da, udal arkitektoa. Hitzaldian herriko mugikortasunean eragina duten faktoreak aztertuko dituzte: herria geografikoki aztertuko dute, eta baita Arau Subsidioarioak bezalako tresna eta arauak ere, beti ere mugikortasun sostengarriagoa lortzeko helbuarekin. Hitzaldia, arratsaldeko 19:30etan izango da, Biteri kultur etxean.

Aste osoan zehar ekimenak
Gaurko mahainguruaz gain, ekintza ugari izango dira astelehena bitartean, mugikortasunaren inguruan. Bihar, gaztetxoentzako ipuin kontaketa izango da, 17:30etan, Biterin. Bestalde, herritarrek egindako Hernaniri begirada bat dokumentala ikusteko aukera izango da bihar. Dokumentala Biteriko laburmetrai tailerreko kideek osatu dute, Goiz Eguzki jubilatu etxeko kideen eta herriko zenbait ezindu fisikoren parte hartzearekin. Dokumentalean, besteak beste, ezindu fisikoek herrian barrena eroso ibiltzeko dituzten zailtasunak azaltzen dituzte, eta adineko jendeak herria nola aldatu den azalduko dute: alderatuko dituzte garai batean eta gaur egun herritarrek batera eta bestera ibiltzeko zein garraiobide erabiltzen zituzten, hirigintza aldetik herria nola aldatu den, eta abar. Dokumentala 19:30etan ikusi ahal izango da, Biterin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!