nazioarteko ordezkaritza elkartu zen atzo Osiñaga auzoan, Loidi parean dagoen oroitarrian, hernaniar mugalariei omenaldia egiteko. Bertan ziren omenduen senide eta inguruko jendea, Comete eta ELMS elkarteko jendea eta urrutiko herrialdeetatik etorritako jendea.
Lau mugalari hernaniar
II Mundu Gerran naziengandik ihesi zijoazen makina bat iheslariri lagundu zieten mugalariek. Mugalari horien artean euskaldun asko zegoen, eta tartean lau hernaniar: Tomas Anabitarte, Martin Errazkin, Juan Manuel Larburu eta Florentino Goikoetxea. Ikerlariek diotenez, Goikoetxeak 200dik gora pilotu eta agente aliatu pasa zituen mugaren alde batetik bestera, Bidasoa ibaia zeharkatuz.
Gordon Mellor pilotua
Gordon Mellor pilotu britainiarra, Halifax multzoko kopilotoa zen. Naziek bere hegazkina bota eta ihesi zijoala, ostera Londresera itzultzeko, muga gurutzatu behar izan zuen.
Florentino Goikoetxeak lagundu zion muga pasatzen, Bidasoa ibaia alderik alde zeharkatuz, eta besteak beste, Goikoetxeari esker, bere herrira bizirik itzuli zen. Hori dela eta, Gordon Mellor bere esker ona adieraztera etortzen da urtero-urtero Osiñagara.
Ibilaldi-omenaldia
Garai hartan lagundu zuten mugalari eta laguntzaileak asko eta asko izan ziren; ibilaldi-omenaldia ostiralean hasi zen; geroztik kilometroak eta geldialdiak egin dituzte bidean, garai hartako pertsona eta lekuak gogoratzeko eta omentzeko.
Azkeneko geldialdia Osiñagan izan zen. Mugalarien omenezko koroa jarri zuten oroitarriaren parean, ereserkia bat jo eta minutu bateko isilunea egin zuten bertan bildutako pertsonek.