Mutilak prest al daude
denboraldi berria hasteko?
Egia esan ez dakit, 3 aste kanpoan egon naiz oporretan eta bueno, pentsatzen dut beti bezela punta-puntan dabiltzanak udara osoa pasa dutela jokatzen eta haiek prest egongo dira. Eta besteak, seguruena, pelota ikutu gabe egongo ziren lau edo bost aste; horiek poliki poliki hasi beharko dute.
Zenbat pelotari dabiltza
klubean?
Klubean momentu honetan federatuak 60 pelotari daude; 45 mutil eta 15 neska. Orain, adinak errespetatuz, mutil kadeteak lau-hiru taldetan jarri ditugu, jubenilak beste bitan eta helduak ere beste bitan. Denera 8 talde daude. Infantilentzako entrenatzaile bat daukagu, Josu Oiaga, eta kadeteetatik aurrera Felix Zabala.
Eta frontoiko orduak banatzea erraza al da?
Ezinezkoa. Garai batean kiroldegiko arduradunarekin borrokan ibiltzen nintzen, baina orain dela 2-3 urte etsita nago. Orain orduen zozketan sartzen gara. Ahal ditugun orduak hartzen ditugu eta horiek klubak ordaintzen ditu.
Zu zenbat urtetan zabiltza Hernaniko Pilota Elkartean?
Aurtengoa nire 12. denboraldia izango da. Eta beti delegatu bezala. Herri mailan egiten zen pala txapelketa bat ere antolatu nuen 10 urtetan, beraz, beti egon naiz pelota munduan.
Eta ze txapelketa nabarmenduko zenuke?
Txapelketa inportanteena, nire ustez beti Herri Artekoa da, Interpueblosa, dudarik gabe. Xarma berezia daukan txapelketa da eta giro oso ona jartzen duena, eta hori da garrantzitsuena.
Zer moduz joan zen pasa den denboraldia?
Beno, denetatik izan dugu. Ni nahiko pozik gelditu nintzen. Dezepzio pixka bat hartu nuen Herri Artekoan, aurten finala berriz gertu genuela pentsatzen genuelako, baina Donostiak finalerdian kanporatu gintuen. Horrez gain, nahiko denboraldi ona izan da. Txapelketa asko irabazi dira eta gutxi gora-behera 25 txapel daude irabazita, bai neskek eta bai mutilek.
Oier Mendizabalek Hernaniko klubean entrenatu izan du. Gaztetxoen artean nabari al da bera profesionaletan egoteagatik ilusio berezi bat?
Bai, eta batez ere bere garaian, debutatu zuenean. Ilusio haundiarekin hartu ge-nuen, bai guk, bai umeek, denok. Egia esan Oier idolo txiki bat bihurtu da umeen artean.
Orain dela gutxi berritu zuten kiroldegiko frontoia. Zer moduz dago orain?
Nik uste dut kaltetarako izan dela. Adibide pare bat jartzeko, argiekin txapuza bat egin dute. Lehen aurrean ez zegoen ezer eta argitasuna oso ona zen, baina orain burni ba-tzuk daude aurrean eta honek ilunpea sortzen du. Eta bigarren kexa, ur pila bat sartu zen eta kantxa ez dago lehen bezala. Lehen kantxa perfektua zen, seguruenik Gipuzkoan zegoen kantxarik onena, baina urarekin dezente izorratu da.
Nola ikusten duzu zuk herrian pilotaren etorkizuna?
Nik ondo ikusten dut. Guk aspalditik harrobia prestatua daukagu ikastoletan eta kantitatea ez da sekula falta, oraingoz behintzat urtero leku faltan gabiltza.