Wukro herriari laguntzeko ekitaldiak datorren asteburuan

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 14a, 02:00

Herritar talde batek Etiopiako Wukro herriari laguntzeko jaialdia antolatzen du urtero, aurtengoa irailaren 20 eta 21ean izango da. Wukro herriak eta Etiopiak berak egoera gogorra bizi dute. Horregatik Hernanin urtero Wukrorekiko elkartasun jaialdia egiten da. Jaialdian lortutako etekina Wukron misiolari dagoen Angel Olaran hernaniarrari bidaliko diote, berak behar bezala erabiltzeko.

Angel Olaran Wukron
Etiopia munduko herrialde pobreenetakoa da, egoera latza bizi du, eta bertako biztanleen bizi baldintzak oso gogorrak dira. Angel Olaranek urteak daramatza Wukron misiolari eta hainbat proiektu ditu esku artean bertako jendeari laguntzeko, besteak beste, 3.000 umezurtz ditu bere ardurapean, inguruan basoak berritzeko proiektua du eskuartean, oinarrizko elikadura proiektuak eta baita prostitutei emandako mikrokreditoak beren lana uzteko. Hainbeste proiektu esku artean izanik, diru iturri guztiak dira eskasak. Horregatik, besteak beste, antolatzen du Wukrorekiko elkartasun taldeak jaialdia urtero Hernanin.

Larunbatean puzgarriak eta herri bazkaria igandean
Hilaren 20an, larunbata, gaztelu puzgarriak, ume jolasak eta salmenta postuak izango dira, arratsalde partean (ez goizean, programan iragarri bezala), Antziolako pistan. Igandean, 14:00etan, herri bazkaria egingo da Atsegindegin. Bazkaria 22 euroan da. Txartelak salgai: Kixkal, Aralar, Oa, Goiz Eguzki, plazako Galerias Buen Precio eta Iruretagoienan. Mikel Lujanbiok ere salduko ditu kalean. Bestalde, ostegunean ferian jarriko dute salmenta postua; kamisetak eta motxilak izango dira salgai, besteak beste.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!