XABIER ERDOZIA, ‘LOU’
Badator, badator berriro ere Zinemaldia. Euskal Herrian ospatzen den zinemaren jai nagusian, 300 film baino gehiago izango ditugu ikusgai datorren ostegunetik, irailak 18, hurrengo asteko igandera arte, irailak 28. Sail Ofiziala eta Zabaltegi sailekin batera aurten, zinema beltza japoniarrari, Mario Monicelli zuzendari italiar klasikoari eta Terence Daviesi eskeiniko zaizkie sail bereziak. Sail Ofizialean izen nagusirik ez izan arren, badira zinegile gazte eta interesgarri ugari. Hauek dira aurtengo zinemaldiko izen propioak:
Zuzendari garaikidea: Terence Davies
Aurten ere asmatu dute zinemaldiko arduradunek Terence Davies britainarrari ondo merezita duen omenaldia eskainiz, Europako zinegile intesgarrienetakoa baita. Eta egungo zinegile bitxi eta berritzaileenetarikoa da bera. Fikzioa, autobiografia eta dokumentalaren artean kokatzen da bere filmografia. 1984 eta 2008 artean sei luzemetrai eta hiru laburmetrai besterik ez ditu gauzatu, eta horrek obra bakoitzean jar-tzen duen zehaztasuna adierazten du. Zuzendari eta bere film guztien gidoilaria da. Terence Daviesen estiloaren ardatzak honakoak dira, besteak beste: enkoadratzeko modu bereziak, kamera mugimenduak, arreta haundiz aukeratutako musika esanguratsuak eta antzezleen ezohizko lanak. Hala, gizartearen memoria aztertzeari ekiten dio, gertakari ofizialen aurrean emozio pertsonalen ikuspegia hautatuz eta diskurtso liriko bezain sendoa eraikiz. Denboraren joana, erlijioa, homosexualitatea eta familia barruko harremanak dira zinegile britaniarraren ohiko gaiak.
Distant voices, Still Lives (1988) lehendabizi ikusi nuenean, aho zabalik atera nin-tzen Antzoki Zaharretik. Ostean, antzeko sentsazioa gozatuz atera naiz zinetik bere film bat ikusteko aukera izan dudan bakoitzean. Eta ez dira bere film ugari ikusgai izan gure zinema aretoetan. Beraz, aukera paregabea maisu baten filmografia ezagutzeko eskaintzen diguna Zinemaldiak. Gainera, zortzi urte lanik plazaratu gabe pasa ondoren, Canneseko Sail Ofizialean aurten Of time and the City aurkeztu duen film berria Zabaltegi Sailean izango dugu ikusgai. Eta nazioarteko kritikarien iritziz, egungo zinemagintzaren proposamen inspiratu eta hunkigarrienetakoa da.
ZABALTEGIKO BITXIAK
Laurent Cantet: ‘Entre les murs’
Ressources humaines (1999) filma ikusi nuenetik, beti izan dut gogoa zinegile frantses honen pelikulak ikusteko. Eta ez dit sekulan kale egin. Film horrekin Zinemaldiko Zuzendari Berrien Saria lortu bazuen ere, Cantetek osotasunez jokatzen jarraitu du kamera atzean jarri den aldi bakoitzean. L´emploi du temps (2001) eta Vers le Sud (2005) lan apartak zuzendu ondoren, Entre les murs honekin nazioarteko kritikaren adostasuna lortzeaz gain, Canneseko Zinemaren Urrezko Palma lortu du aurten. Guztiz gomendagarria.
Fernando Eimbcke: ‘Lake Tahoe’
Badirudi Temporada de patos (2004) filmaren zuzendariak bete-betean eman duela aurten Lake Tahoe filmak jaso dituen sarien arabera: Alfred Bauer eta Fipresci Sariak Berlinalen, Zuzendari Onenaren Saria Sidneyko Zinemaldian... Horrez gain, Canneseko Kritikaren Astean Fipresci Saria jaso zuen urteko errebelazioa izateagatik. Hala nola, Eimbckek egindako filma ikusi dutenek urteko onenetako bat dela diote. Eta zinemaldiak muturraren aurrean jartzen digu. Ikusi beharrekoa.
Steve McQueen: ‘Hunger’
Ez, ez nabil oker, zuzendari irlandar horren izena benetan Steve Mcqueen da. Hala eta guztiz ere, bere lehen film honek txantxa egiteko tarte gutxi uzten du, Canneseko Zinemaldian Un Certain Regard saileko Urrezko Kamera Saria lortu baitu. Filmak 1981 urtean Maze Prison espetxean gertatutakoa hartzen du hizpide, Bobby Sands IRAko kideak, bultzatutako gose greba oinarritzat hartuz. Filmak islatzen du gorputza eta burua mugak gainditzera behartzen direnean zer gertatzen den. Ikusteko modukoa.
Kiyoshi Kurosawa: ‘Tokio Sonata’
Ez nahastu Akira Kurosawa maisuarekin. Kiyoshi ezagutu nuen Kairo (Pulse, 2001) terrorezko film bikainaren eskutik. Eta film horretan zinegile japoniar gazte honek ederki adierazten zuen giroa eta tentsioa gainditzeko trebezia. Sakebi (Retribution, 2006) filmatu ondoren, Cannesen aurkeztu du aurten Tokio Sonata filma, Un Certain Regard Saileko Epaimahaiaren Saria eskuratuz. Azalean, familia japoniar arrunta baten erretratua da Tokio Sonata baina, existitzen al da familia arruntik?
Phillipe Garrel: ‘La frontiére de l’aube’
Iaz saila berezia eskeini zion Zinemaldiak zinegile frantses honi. Iaz idatzi nuen munduko zinegile independienteenetakoen artean kokatu behar dugula, eta bere obra askatasun osoz egina dagoela. Aurten badugu gure artean bere azken obra, Cannesen aurkeztutako filma da eta kritika nabariak jaso zituen bertan. Aukera paregabea klasiko baten azken obra dastatzeko.