«Gaur egun ordu gehiago behar ditugu nesken partaidetza haundiagatik»

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 14a, 02:00

Ane Lujanbio

Garbiñe, zenbat neska dabiltza Hernanin pelotan?
Hernanin 45 neska daude, 15 federatuak dira eta gainontzekoak ikastetxeetan dabiltzanak.

Nola moldatzen zara denak frontoian sartzeko?
Behar adina ordu dauzkazue? Horrenbeste jenderekin, frontoian dauzkagun orduak gutxi direnez, neska txikienek Elizatxo ikastolako frontoian entrenatzen dute. Aurten 4 monitore aritu gara neskak entrenatzen. Taldeka bilduz 8 edo 10 pelotari batera ere aritu izan gera eta gehiegi da. Baten batek ere esan digu nesken aukeraketa egin behar dela, mutilekin bezela, baina ni ez nago konforme, mutilek badaukatelako nora joan (Añorga, Urnieta, Loiola, Antiguo…), baina nesken kasuan ezin ditut kendu, beraiek aukeratzen dute uztea.

Nola hasi zinen zu pelotan?
Ni pelotan betidanik ibili izan naiz, teniseko pelotarekin, Tilosetako frontoian, baina gomazkoarekin jokatzen eta federatuta 1990ez geroztik.

Nesken entrenatzaile beranduago hasi zinen orduan.
Bai, 1992an hain zuzen. Hasieran larunbatetan biltzen ginen, eta pixkanaka, gutxi batzuk izatetik jende gehiago izatera pasa ginenez, goiz osoa pasatzen nuen frontoian.

Asko aldatu al dira gauzak urte hauetan?
Bai, eta onerako gainera. Orain dela 3 urtez geroztik Emakume Pilotari egitasmoari esker herrian pala Eskola Kirolean sartzea lortu dugu. Beraz, hasierako larunbatetako entrenamenduez aparte astean zehar entrena-tzen hasi ginen. Gaur egun ordu gehiago behar ditugu partaidetza haundiarengatik, eta zaharrenak inguruko herrietara (Astigarraga, Zubieta, Urnieta) joanez moldatu izan gara, baina aurten gaztetxo asko daude eta ez dakit nola egingo dugun. Txapelketei dagokienez, orain gehiago antolatzen dira eta urte osoko egutegi bat egina dago. Eta kanpoko txapelketetan parte hartzeko eskaintzak ere iristen zaizkigu, adibidez Etxarri, Igantzi edota Lesakatik.

Denboraldi berrirako ze txapelketa aurreikusten dituzu?
Eskola-kirolean, alde batetik, Hernaniko eskolarteko txapelketa egingo da urritik abendura bitartean. Bestalde, otsailean, Gipuzkoako eskolarteko txapelketa hasiko da. Aurten adibidez, infantilek Euskadiko txapelketan parte hartu dute Gipuzkoa ordezkatuz, eta baita Euskadiko txapela lortu ere. Eta federatu mailan? Ezker hormari dagokionez, lehenengo Emakumea Pilotari txapelketa daukagu, Gipuzkoako elkarteen artekoa izan ohi dena, eta ondoren Emakumea Pilotari Irekia dator, Gipuzkoaz kanpoko elkarteetako pelotariei ere zuzendua. Honez gain, GRAVN txapelketa ere hor dago. Eta martxotik aurrera trinketean hasten gara: Gipuzkoako elkarteen artekoa, Emakumea Pilotari.

Beraz, egutegia nahiko betea daukazue.
Zein izaten da helburua txapelketen aurrean? Denon asmoa ahal den gorenen egotea izaten da, baina batez ere, partaidetza eta ardura baloratzen ditugu. Partiduak gustura jokatzea eta entrenamenduak egoki betetzea dira helburuetako batzuk, emaitzak gero etortzen baitira. Kirola izanagatik, bizitzarako balio duten baloreak erabili eta nahigabe ikasten dira kantxan: lehen esandako ardura, laguntasuna, zailtasunen aurrean moldatzen jakitea, galtzen eta irabazten jakitea, norberaren balioaz jabetzea, bikote desberdinekin jokatzen ikastea, konbibentzia,… Eta nola ez, guzti hauen gainetik, ondo pasatzea da helburu nagusia. Honez gain, klubeko helburu nagusietako bat, kluba bertako gazte monitoreekin hornitzea dela aipatu nahi dut, hauek entrenamenduak zuzendu eta epaile lanetan aritzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!