Hernaniko errugbi taldeak urriaren 6an hasiko du denboraldi berria, Universidad de Vigoren aurka, Landaren. Aurtengo denboraldian, taldearen helburua Ohorezko Mailarako igoera fasea jokatzea da. Joxe Elosegi entrenatzaileak Kronikari esan dionez «aurtengoan egutegi ona tokatu zaigu, iaz partidu guztiak jarraian ziren, ez genuen atsedenik izan. Aurten ordea, badaude deskantso batzuk gainera, eta taldea ondo arituko dela uste dut».
Denboraldiaren bilakaera
Denboraldia guztira 14 partiduz osatua dago eta denak martxoa bitartean jokatuko dira. Liga bi multzotan banatua izaten da, lehenengo multzoa Madriletik gora daunden taldeek osatzen dute eta bigarren multzoa berriz, Madriletik behera dauden taldeek. Aste Santua ondoren, bi multzoetako lehenengo bi taldeen artean jokatuko dute igoera fasea. Igoera fase honetako talde onena zuzenean igoko da ohorezko mailara eta bigarren onenak aldiz Ohorezko mailan azken postuan geratu denaren aurka beste partidu bat jokatu beharko du. Hau irabaziz gero igoko da ohorezko mailara.
Taldearen filosofia
Denboraldi berrirako talde hernaniarrak ez du fitxaketarik egin, bere filosofia mantenduz. Donibanetik jokalari bat etortzen den arren, taldearen helburua Hernaniko eskolatik ateratako jokalariekin taldea osatzea da. Joxe Elosegi entrenatzailearen esanetan «Ohorezko Mailara igotzea lortzen badugu ere, gure filosofiarekin jarraituko dugu. Taldean militantzia handia dago, talde bezala sendoa da Hernani, hornikuntza gure errugbi eskolatik dator. Gainera, partiduetara ere herritar asko jaisten da, Ohorezko B mailan Hernani da jende gehien mugitzen duen taldea».