Marieluts eta Latsunbeberriko auzotarrak ez ziren eguraldiarekin ikaratu atzo. Goizean umeak jolasean aritu ziren eta eguerdi partean tortila patata lehiaketa egin zuten, agindu bezala. Tortilak eginak izaki, ederki aprobetxatu zituzten gero hamaiketakoa egiteko.
Umeak gustura
Umeak gustura ibili ziren atzokoan, goizeko eta arratsaldeko ekitaldi asko beraiei zuzenduak baitziren. Baita ederki aprobetxatu ere. Goizean jolasean aritu ziren eta arratsaldean puzgarrietan eta ohe elastikoetan zilipurdika.
Helduak ere gustura
Helduak ere ez ziren gaizki ibili. Tortila patata lehiaketarekin sabela girotu ondoren, Marieluts eta Latsunbeberriko bizilagun asko Karobi elkartera hurbildu ziren bazkaltzera.
Arratsaldean, besteak beste, toka eta igel txapelketa jokatu zituzten. Ilunabarrean txokolate jatea egin zuten gozo-gozo eta bero-bero bukatzeko festak.