Mugalarien omenezko martxa gaur iritsiko da Osiñagara eta omenaldia egingo diete hernaniar mugalariei

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 14a, 02:00

II Mundu Gerran makina bat jende salbatu zen, mugalariei esker. Mugalarien artean hernaniarrak ere baziren, Florentino Goikoetxea, Tomas Anabitarte, Martin Errazkin eta Juan Manuel Larburu, hain zuzen. Orduko mugalari eta laguntzaile horien omenezko ibilaldia eta hainbat omenaldi egin dira asteburu honetan; ibilaldia gaur bukatuko da Osiñaga auzoan, eta azkeneko omenaldia bertan izango da.

Bidasoa gurutzatu eta Oiartzunen barrena Ibilaldia atzo goizean abiatu zen Ziburutik; Bidasoa ibaia gurutzatzea izan zen ibilaldiko momenturik hunkigarrienetakoa. Gaua Irunen eman zuten. Gaur Irundik abiatu eta Oiartzungo Sarobe baserrian geldialdia egingo dute. Handik mendiriz mendi Larre-gainera iritsiko dira eguerdiko 13:45ak aldera.

Omenaldia Osiñagan
Larre-Gainetik Osiñaga auzora joko dute, Loidi baserri parean hernaniar mugalarien omenez dagoen oroitarrira. 14:30ak aldera hasiko da omenaldia. Bertan izango dira, besteak beste, mugalarien senide eta inguruko pertsonak, Comete Sareko eta ELMS, garai hartako ihesbideak eta memoria gogoratzeko elkarteko kideak eta abioi gidarien ordezkaritza; aurten ere bertan izango da Gordon Mellor pilotua, Halifax multzokoa, bere garaian Florentino Goikoetxeak muga pasatzen lagundutakoa. Mugalarien omenezko oroitarriaren parean omendu bakoitzeko koroa bat jarriko dute eta Hernaniko Udal Musika Bandako tronpeta jole batek musika jarriko dio ekitaldiari.

‘Askatasunaren Bidea’
II Mundu Gerran, nazien aurkako hainbat talde klandestinok euskal muga gurutzatzen lagundu zieten alemanen jazarpenetik ihesi zijoazen hainbat kideei. Comete Sareak bereziki, eroritako aliatuen abioi gidariak jasotzen zituen eta ‘neutrala’ zen Espainian barrena ihesi egiten laguntzen zien. Horretarako muga izkutuan pasa behar izaten zuten. Muga pasatzeko jakin egin behar ordea, eta mugalariengana jo zuten; tartean ziren euskaldun asko, eta tartean lau hernaniar. ‘Askatasun Bidea’ esaten diote bideari.

Comete eta ELMS
Comete Sareak lanean jarraitu zuen alemanek 1944an Frantzia utzi zuten arte. Urteak pasa dira eta orduko mugalarien eta laguntzaileen memoria berreskuratzeko sortu ziren izen bereko elkartea eta ELMS, Escapes Lines Memorial Society elkartea. Elkarte hauen helburua da orduko memoria jasotzea, egindako lana onartzea eta pertsona haiek omentzea.

Omenaldi ugari
Ibilaldi-omenaldia ostiralean hasi zen Donibane Lohitzunen, Baionan eta Angelun egindako hainbat omenaldirekin. Larunbatean ere Sokoa-Ziburuko hilerrian omenaldia egin zen ibilaldia abiatu baino lehen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!