Kimono eta gerrikoak prest, judo denboraldiari hasiera emateko

Kronika - Erredakzioa 2008ko ira. 13a, 02:00

GOGOZ hasi dute denboraldia kiroldegiko tatamian, Hernaniko Kirol Elkarteko judo taldeko kideak. Kimono eta gerrikoak jantzi eta asteroko entrenamendu eta saioei ekingo diete hemendik aurrera. Jakinarazi dutenez, judoan hasteko gogoa duen jendeak aukera du entrenamenduetara joateko eta gustoko badu, izena eman eta asteroko entrenamenduetan parte hartzeko aukera izango du. Taldean haurrak, 6 urtetik gorakoak ibiltzen dira alde batetik, eta bestetik, 15 urtetik gorakoak. Izena eman nahi dutenek, kiroldegian aurkituko dituzte izena emateko orriak.

Judoa, aspaldidanik herrian egiten den kirola
Judo taldea duela urte dexente hasi zen martxan Hernanin. Luis Fernandez hasi zen klaseak ematen Kardaberaz kaleko lokal batean. Gero Herma gimnasioan hasi ziren, Oblatosetan. Duela 12 bat urte kiroldegian hasi ziren eta oraindik ere bertan jarraitzen dute. Bertako entrenatzaile nagusiak Jone Irastorza eta Ismael Mateo dira. Jone Irastorza gerriko beltza da eta 3garren Dan ere bada. Entrenatzaile nazionala izateko titulua du eta hori dela eta gerriko marroiak sinatu ditzake eta judo klubaren ardura har dezake. Ismael Mateo, gerriko beltza da baita ere eta 3. Dan ere bada. Haiekin batean beste monitore batzuk ere aritzen dira: Eider Alonso (3. Dan) eta Carlos Lazcano (5. Dan), besteak beste.

Txapelketak baino gehiago
Hernaniko Judo taldeak konpetizio ezberdinetan parte hartzen du, azken urteetan Gipuzkoa eta Euskadiko Txapelketetan hartu dute parte. Hala ere, azaldu dutenez, konpetezioetan parte hartzea ez da duten helburu nagusia. Ahalegin gehiago egiten dute teknika hobetu eta judoan sakontzeko.

Haurrentzako egokia
Bi entrenatzaileek azaldutakoaren arabera, judoa oso egokia da haurrentzat: «judoa lurrean lantzen da, tatamian, eta haurrek asko gozatzen dute. Haien arteko harremanak sendotzen dira, kontaktuan daudelako eta taldean aritzen direlako. Horrez gain, koordinazioa eta gorputza ere lantzen dira». Haurrak 6 urtetik aurrera hasi daitezke eta astean bi egunetan egiten dituzte entrenamenduak. Entrenatzaileek, bereziki neska edo emakumezkoak animatu nahi dituzte judo egitera, «izan ere, entrenatu eta landuz gero, txapelketetan urrutira iritsi daitezkeelako».

Txapelketetan ondo ibilitako judokak
Hernaniko taldean bada txapelketetan fin ibili denik. Jone Irastorzak, bere garaian, urteak eman zituen txapelketa ezberdinetan. Ismael Mateo, Carlos Lazcanorekin batean bi urtetan izan dira Espainiako Kata txapelketan. Eider Alonso, Oihana Blanco, Josu Olaizola, Oscar Sanchez eta Oscar Carpintero ere izan dira Espainiako Judo Txapelketan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!